Eusko Jaurlaritzak 1.900 kexa jaso ditu botiken berrordainketa dela eta. Ekainean jasotako dei guztien artean, %60 berrordainketari buruzko informazioa eskatzeko izan dira, eta %18,5 kexak adierazteko. Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmazia zuzendariak jakinarazi du kexa gehienak herritarrei, errenta kontuan izanda, pagatu beharko luketen baino gehiago ordaintzeko eskatu dietelako izan direla.
Kopuru hauek ordaindu beharko dituzte Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrek, errentaren eta osasun egoeraren arabera: 100.000 euro baino gehiagoko errenta dutenek %60 ordaindu beharko dute; 18.000 eta 100.00 euro arteko errenta dutenek, %50; 18.000 euro baino gutxiagokoa dutenek, %40; eta pentsiodunek, %10, hilean 8,14 eurotik 61,08 eurora arteko gehieneko kopuruarekin. Luzaroan langabezian daudenek, sindrome toxikoa duten gaixoek, %33 baino gehiagoko elbarritasuna dutenek, lan istripua izandakoek eta tratamendu kronikoan dauden herritarrek ez dute ezer ordainduko.
Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Framazia zuzendariak botiken berrordainketari buruzko informazioa eman du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian. Proiektuaren oinarriez, kudeaketaz eta herritarren jarreraz hitz egin du, besteak beste.
Betolazaren hitzetan, 470.000 euro inguruko kostua izan du botikak ordaintzeko eredu berria martxan jartzeak, baina sistema berriarekin urtean 16 eta 18 milioi euro artean “aurreztea” aurreikusten dute.
Bestalde, Betolazak gogorarazi du herritarrek ordaindu beharreko gehieneko diru kopuru bat dutela, eta 68.091 pertsonek jada gainditu dutela kopurua; “beraz, pertsona horiek ez dute diru gehiago jarriko hilabete honetan” adierazi du.
Farmazia zuzendariak nabarmendu du legea ez dela euren gustukoa: “Ez gaude ados legearen oinarrian, ezta forman ere. Hura aplikatzera derrigortuta gaude, ordea”.