Botopaperak, panelak eta beste

Bozak aurreratu daitezkeela jakitun, hauteskunde kanpaina prestatzen hasi dira alderdi politikoak

Iazko udal eta foru hauteskundeetan Donostian jarritako panelak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratuko diren edo ez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak daki soilik. Hark ezetz dio. Legegintzaldia amaituko duela. Amaitzeko asmoa duela. Oposizioko alderdiek, baina, ia ziurtzat jotzen dute bozak azarorako deituko dituela Patxi Lopezek, 2013ko hasierarako beharrean. Eta ez bakarrik oposizioak. Lehendakariaren alderdia izan baita, hain zuzen ere, hauteskunde panelak kontratatzen lehena; eta PSE-EEri jarraitu diote EAJk eta PPk. Atzo, berriz, Eusko Jaurlaritzak berak eman zuen beste zantzu bat, hauteskundeetarako botopaperen hornidura adjudikatzeko epea irekita —hilaren 21ean amaituko da—. Erabaki horiekin hauteskundeak aurreratuko dituzten edo ez galdetuta, Jaurlaritzak ez du erantzun argirik eman: «pentsatzea libre da», esan du Idoia Mendia bozeramaileak.

Oposizioko alderdiak, beraz, hasiak dira hauteskunde kanpaina prestatzen. Txarli Prieto PSE-EEko Arabako idazkari nagusiaren arabera, alderdi horien eta, bereziki, EAJren eta PPren nahia da hauteskundeak aurreratzea, haiek dutelako «urgentzia» gehien. Sozialistak «lasai» daudela adierazi du, eta jakinarazi du hauteskunde zerrendak osatzeko mekanismoa abiarazi ere ez dutela egin sozialistek. Propagandarako panelak alokatu izanari ere garrantzia kendu dio. «Aurrerapen handiarekin egiten dira kontratazioak, eta ez du ezer zehazten», esan du ETBn.

Prietoren arabera, Lopezek «soka luzea» dauka oraindik. «Osorik dauka gobernua, izendatu zuen berbera; beraz, gobernatzeko instrumentua dauka». Lehendakariak legegintzaldia amaitu baino lehen «hainbat proiektu» onartu nahi dituela gaineratu du, eta Lopez lasai dagoela. «Besteak dira urduri daudenak». Prietok gogoratu duenez, sozialistak izan ziren euren lehendakarigaia aurkezten lehenak. Gero iritsi zen PPko Antonio Basagoiti, eta EAJko Iñigo Urkulluk afiliatuen oniritzia jaso beharko du aste honetan hasi duten prozesuan.

Ezkerreko subiranistek ere ez daukate lehendakarigaia zehaztuta, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak berretsi duenez. Gai horri buruz galdetu diote Euskadi Irratian, eta Bilduko kideak esan du «laster» erabakiko dutela, eta aurreratu du hautagaia «indartsua» izango dela. «Ezker abertzale subiranista eta independentistak beti erakutsi du aurreko hautagaia baino hobeago bat lortu izan duela».

Nolanahi ere, ezkerreko subiranisten helburua Eusko Jaurlaritza gobernatzea dela esan du Garitanok, eta hautagaiari baino gehiago proiektuari emango diotela garrantzia. «Guk proiektu bat daukagu, eta oso garbi daukagu zein den gure ibilbidea; gai gara, eta gogoa daukagu».

Era berean, adierazi du PSE-EEk, PPk eta EAJk ez bezala ezkerreko subiranistek ez dituztela propagandarako panelak alokatu. «Gauzak txukun egiten ari gara. Hauteskundeak ez dira soilik publizitate kanpaina baten emaitza; herritarrei gauzak azaldu behar zaizkie, eta hori landuko dugu», nabarmendu du.

Basagoitiren kezkak

Ezkerreko subiranisten batasunak hauteskundeetan lor dezakeen emaitzarekin kezkatuta azaldu da Antonio Basagoiti. Bere blogean idatzitako artikulu batean esan du koalizioa Jaurlaritzara iritsiz gero «arazo politiko eta sozial bat» sortuko dela. Hori hala, Basagoitik adierazi du bere helburua izango dela «pedagogia demokratikoa» egitea eta «ETAren munduko estrategiei publizitate gutxien ematea», «Batasunaren inflaziorik izan ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.