Estu, larri eta ia arnasestuka, baina gainditu du etsamina Mexikoko presidente Enrique Peña Nietoren PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak. Hori bai, espero baino nota apalagoarekin. Botoen %30 lortuta, gailendu egin da kongresurako hauteskundeetan, baina ezin izan die eutsi duela sei urteko emaitzei. 1929tik, kasik etenik gabe irabazi ditu hauteskunde horiek Peña Nietoren alderdiak. Orain, edonola ere, indarra galdu du. Nabarmen, gainera: 500 eserlekuetatik 203 bereganatuko ditu asko jota; 2009an baino 11 gutxiago. Gehien bozkaturiko bigarren indarra izan da PAN Ekintza Nazionaleko Alderdi eskuindarra, boto guztien %21 eskuratuta. Hirugarren lekuan geratu da, berriz, zentro-ezkerreko PRD Iraultza Demokratikoko Alderdia. Botoen %11 bildu ditu orotara, eta azkeneko urteotako joera bat berretsi du: ezkerreko alderdien arteko pitzadura geroz eta handiagoa da.
Aurreneko begi kolpean, kongresuak orain arteko orekari eutsi diezaiokeela dirudien arren, ez da horrela. Itxurazkoa da egonkortasuna, hiru alderdietatik inor ez delako atera garaile. Zigortu egin dituzte herritarrek: krisiak, erreformek, bortizkeriaren gehiegizko erabilerak eta ustelkeriak etsipena eragin dute sektore batean, eta boterearen gaineko hegemonia izan duten hiru alderdiak zertxobait higatzen ari litezkeen irudipena hizki larriz hasi da mamitzen. Jasandako higadura gogotik sufritu dute alderdi tradizionalek, eta Morena alderdi berria indartsu sartu da kongresuan, 60 eserlekurekin. PRDk, ostera, 40 diputatu galdu ditu kolpe bakarrean.
Kongresua are gehiago zatitu du horrek, eta babes faltan daude alderdiak. Gobernatu ahal izateko akordioa PVEM alderdi berdearekin egin beharko du PRIk, esaterako. Aspaldiko bidelaguna du alderdi berdea, eta Peña Nietok berak aitortu bezala, ituna giltzarri izango da orain arteko erreformei eusteko bidean. Aurten, halaber, inoizko emaitzarik onenak lortu ditu PVEMek kongresurako hauteskundeetan, 48 eserlekurekin.
Politikarien eta delinkuentzia antolatuaren arteko hartu-emana, oro har, inoiz baino estuagoa da Mexikon, eta tentsioa gori-gori dago. Azkeneko urtean sekulako goraldia eduki du Mexikoko Estatuaren bortizkeriak: polizia federalaren edo armadako militarren esku hartzeekin lotu dituzte, besteak beste, gaizkile taldeen aurka abiatutako operazioak, narkotrafikatzaileen exekuzioak, gazteen kontrako oldarraldiak eta Igualako 43 estudianteen desagerpena.
Hein batean, jazoera horien isla izan dira bozak. Protestak eta boikoterako eskeak ez dira oharkabean igaro. Mexikoko hiru estatu beroenetan —Michoacan, Guerrero eta Oaxacan—, adibidez, eragotzi egin dute bozkalekuak jartzea. Beste batzuetan, hautetsontziak erre dituzte. Mexiko hegoaldean sortu dira gorabehera handienak, manifestarien eta polizien arteko istiluetan: Tuxtepecen hamabi lagun atxilotu dituzte; Salina Cruzen, zazpi; eta Juchitan, bi.
Desagertutako 43 estudianteen udalerrian ere, Tixtlan, liskarrak izan dira. Ez bozkatzeko deia egina zuten gazteen senitartekoek, eta erdietsi dute herritarren atxikimendua. 54 hautetsontzietatik hamalau baino ez dituzte jarri herrian, protesten ondorioz, eta Mexikoko Hauteskunde Batzordeak bozak baliogabetzea erabaki du. Urriaren 4an egingo dituzte berriro hauteskundeak herri horretan.
83,5 milioi herritar zeuden botoa ematera deituak, 2.016 agintari aukeratzeko: gobernadoreak, alkateak, diputatu lokalak eta federalak. Abstentzioa, edonola ere, handia izan da —%52 inguru—, eta oposizioko indarrek horri egotzi diote PRIren garaipena.
Gotorlekua, partekatzera
Udal ugariren osaketaz eta bederatzi estatutako gobernadoreez gain, 500 diputatu federal aukeratu dituzte. PRIk lortu du babes handiena, espero bezala. Ustekabe esanguratsuak ere izan dira, dena dela. Argigarria da Mexiko Hiriaren kasua: urteetan gotorleku izandakoa Morena alderdiarekin partekatu beharko du aurrerantzean PRDk, gehiengo absolutua galduta. Nuevo Leon estatuan, kasurako, PRIk zaplazteko itzela jaso du, eta agintea galduko du Jaime Rodriguez independentearen mesedetan. El Bronco ezizenez da ezagun, eta, botoen %49 lortuta, aise gailendu da Mexikoko estatu aberatsenetatik bigarrenean. Bere kabuz aurkeztu da bozetara, inolako indar politikoren babesik gabe, eta sostengu zabala eskuratu du. Historia egin du, lehen aldia baita hautagai independente batek Mexikoko estatu bat gobernatzeko bozak irabazten dituela. Ez du poza ezkutatu Rodriguezek: «Bistakoa da herritarrek aldaketarako duten gosea: oraino agintean egon diren horiei sei urteko oporrak emango dizkiegu».
Gehiengorik ez du lortu, ordea, PRIko kide ohiak, eta ezinbestean egin beharko ditu itunak oposizioarekin. Ez du samur izango. Hiri nagusietako alkateak kontra ditu, eta estatuko parlamentua berritzeak ez dio mesede egin —PANek gehiengoa eskuratu du—.
Porrot zaporeko garaipena
«Guztiekin» elkarlanean jarduteko eta iruzurrari aurre egiteko «prest» dagoela hitzeman du Rodriguezek. «Lehen hiru urteetan agindutako konpromisoak bete ezean, etxera joango naiz». Haren garaipenaren karietara merkatuek ezinegona agertu badute ere, gainontzeko hautagaiek ontzat jo dute. Mexikoko Gobernuko presidentearen bozeramaile Eduardo Sanchez Hernandezen hitzetan, adibidez, bozek agerian utzi dute «geroz eta demokrazia egonkorragoa» dela Mexikokoa.
Salbuespena ez, joera baten isla da Nuevo Leon estatuan gertatutakoa. PRIk nabarmen galdu du indarra estatu gehienetan, eta jokoan zeuden bederatzi estatuetatik sei baizik ez ditu ziurtatu aliatuekin batuta. Horrek, haatik, ez ditu ase haien premisak. Emaitza hobeak espero zituzten, inkestek zortzi estatutan jotzen baitzituzten garaile. Zapore mingotsa utzi die garaipenak. PANek, halaber, Queretaroko aginte makila ebatsi dio PRIri, eta Kalifornia Beherean daukan lidergoa sendotu egin du.