«Ez dira laguntzen ari prozesu honek aurrera egin eta arrakasta izan dezan». Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak atzo goizean Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi zuen Espainiako Gobernuak orain arte muzin egin diela Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bake prozesuan inplikatzeko egindako eskaerei. Hala ere, Rios baikor azaldu da, eta uste du azaroaren 20ra arte denbora badagoela gobernuak jarrera alda dezan. «Hauteskundeak arte geratzen diren hilabeteotan ea gobernuak bere ekarpena egiten duen, indarkeriaren amaiera behin betikoa izan dadin».
Riosek elkarrizketan azaldu du Harremanetarako Nazioarteko Taldea «diskrezioz» ari dela lanean, eta uste du irailean edo urrian aurkeztuko dituela jendaurrean bere ondorioak. Riosen arabera, hilabeteotan egiaztatu ahal izan dute «oraingoz» ez dagoela ETAren aldetik indarkeriara itzultzeko inongo asmorik. «Hori da garrantzitsuena». Udan ETAren ustezko asmoei buruzko zurrumurru asko zabaldu badira ere, Riosek uste du espekulazioak alde batera utzi eta gertaerei heldu behar zaiela: «Kontua da atentaturik ez dela dela egon, eta, enpresaburuek aipatzen duten moduan, iraultza zergarik ez dela egon».
Dena den, Riosek zehaztu du egiaztatze prozesua eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela aurretik Espainiako Gobernua eta Frantziakoa inplikatzea eta konpromisoak hartzea. Riosen arabera, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak Espainiako Gobernuari egindako eskakizunak ez du erantzunik izan orain arte.
Lokarriko koordinatzailearen aburuz, espetxe politika da gobernuaren inplikazio faltaren erakusgarri bat. Haren ustez, euskal presoen sakabanaketak, «giza eskubideak urratzeaz gain, egungo egoeran kontrako eragina du». Riosek azpimarratu du munduko beste herrialdeetan izan diren bake prozesuetan presoek betidanik funtsezko betekizuna izan dutela indarkeriaren amaieraren inguruko erabakiak hartzerakoan. «Gai horrek presoen arteko eztabaida eskatzen du, eta sakabanaketa politikarekin, eztabaida hori ezin da aurrera eraman».
Riosen ikuspuntutik, bakearen alde Espainiako Gobernuak egin dezakeen funtsezko pauso bat espetxe politika aldatzea da. «Dena den, ez du ematen gobernuak bide horretan inongo pausorik eman nahi duenik». Riosen ustez, borondate falta hori «kezkagarria da».
PPren balizko garaipena
Orain arteko inkestek diote azaroaren 20ko hauteskundeak PPk irabaziko dituela. Kasu horretan zer gertatuko litzatekeen galdetu diote, eta Riosek nahiago izan du «espekulazioen eremuan» askorik ez sartu. Haren ustez, iragan hurbileko mezuekin alderatuta, PPk orain «beste diskurtso bat» erabiltzen badu ere, hauteskundeei begira Bildu legez kanpouzten ahaleginduko dela uste du. Datuok kezkagarriak badira ere, Lokarriko koordinatzaileak nabarmendu du aukera bat dagoenean ez dela pasatzen utzi behar. «Aukera hori baliatu behar da, eta Espainiako Gobernuak indarkeriari behin betiko amaiera emateko aukera hori izan arren, ez da egiten ari behar dena hori lortu ahal izateko».
ETAren biktimei buruz Bilduk azaldutako jarreran «pauso interesgarriak» ikusi ditu Paul Riosek, hala nola koalizioak gai horri heltzeko jendaurrean azaldutako borondatea, adibidez. Riosek beharrezkotzat jo du koalizioak «lehenbailehen» bere gogoeta prozesua amaitzea, biktimen aitortzaren inguruko gaiari heldu ahal izateko. Bildu koalizioak hurrengo hilabeteetan bide horretan pausoak emango dituela aipatu du, eta Riosek hori azkar egiteko nahia dela azaldu du. Halere, berretsi du ez dela Bildu pausoak eman behar dituen bakarra. «Biktimen aitorpen zabal eta partekatua denek jorratu behar dute, bazterketarik gabe, etorkizuneko elkarbizitzari begira».
Hurrengo legealdian ETAk indarkeriaren amaiera iragarriko duen galdetu diote, eta hauxe izan da erantzuna: «Ez zaio besterik geratzen. Politikoki, Bilduren emaitzak eta euskal gizartearen borondatea gonbidapen bat dira indarkeria uzteko».
Bozen aurreko hilabeteetan Madrilgo gobernuak jarrera aldatzea espero du Lokarrik
Riosek dio Zapaterok muzin egin diela bake prozesuan inplikatzeko Harremanetarako Taldeak egin eskaerei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu