Aurreko astean bezala, igande honetan ere Ipar Euskal Herriko hauteskundeen jarraipen berezia egingo dute BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k; 19:00etatik aurrera izango da. Aurrekoan bezala Iparraldeko euskal hedabideen elkarlanean oinarrituko da, eta elkarrekin jardungo dute BERRIAk, Hitza-k, Euskal Irratiak, Kanaldude, Kazeta.info eta Herria aldizkaria. Twitter bidezko jarraipena egiteko, #herrikobozak da adostu den traola.
Bigarren itzulian ere herri guztietako emaitzak jasoko dituzte BERRIAk eta Hitza-k, eta arreta berezia jarriko dute bederatzi herri eta hirietan: Baiona, Angelu, Miarritze, Hendaia, Maule, Uztaritze, Urruña, Ziburu eta Azkaine. Herrietako emaitzak grafiko bateaan eta albisteetan jasoko dituzte.
19:55ean Iparraldeko euskal hedabideen zuzeneko telebista saioa hasiko da, eta han izango dira BERRIA eta Hitza ere, Aitor Renteria kazetariak ordezkaturik. Telebista saioan kazetari eta politikarien emaitzak eta balorazioak jasoko dituzte. Zuzeneko koneksioez gain, mahai ingurua ere egingo dute, 20:30etik 21:30era. Astearteko BERRIAn ere jarraipen zabala izango dute udal hauteskundeek.