Bozetako egutegia kontuan hartzeko eskatu dio Sortuk Konstituzionalari

Parte hartzeko eskubidea bermatze aldera, urriaren 7a baino lehen erabakitzeko eskatu dio

Sortu legeztatzearen alde joan den apirilean Bilbon eginiko manifestazio jendetsua. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Azaroaren 20ko hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea bermatze aldera, erabakia lehenbailehen hartzeko eskatu dio Sortuk Auzitegi Konstituzionalari. Babesa ematekotan datozen hauteskundeetan parte hartzeko moduko epeen barruan erabakitzeko eskatu dio Sortuk, atzo aurkeztutako alegazioen idatzian. Alde guztiek alegazioak aurkeztu dituzte dagoeneko, eta, ondorioz, Auzitegi Konstituzionalak auzia aztertu eta erabakitzeko aukera du. Urriaren 7a baino lehenago erabakitzen badu, Sortuk azaroaren 20ko hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango du. Geroago erabakiko balu, parte hartzeko eskubideari «kalte konponezina» eragingo lioke, Sortuk argudiatu duenez.

Jakina denez, Espainiako gobernuburuak hauteskundeen eguna —azaroak 20— jakinarazi zuen joan den uztailaren 29an. Horretarako, datorren asteko astelehenean, Espainiako Ministroen Kontseiluak hauteskunde deialdia onartu egingo du eta biharamunean argitaratuko dute buletin ofizialean. Hauteskunde Legearen arabera, koalizio bat osatzen duten alderdiek hauteskunde batzordeari jakinarazi behar diote deialdia argitaratu eta hamar egun igaro baino lehen. Beraz, datozen hauteskundeetan Sortuk koalizio batean parte hartu ahal izateko legezko izan beharko luke urriaren 7a baino lehen. Epe horiek kontuan hartzeko eskatu dio Sortuk auzitegiari.

Izan ere, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak atzo iragarri zuenez, Auzitegi Konstituzionalak «garaiz» erabakitzen badu eta legeztatzearen alde egiten badu, Sortuk parte hartuko du azkenaldian EA, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzalea bultzatzen ari diren koalizio berrian. Legezkoa ez bada, ez du parte hartuko, baina koalizioak sentsibilitate guztiak ordezkatuko ditu.

Aniztasun politikoa jokoan

Epeei buruzko eskaera zehatzarekin batera, Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako babes helegitea osorik berretsi du Sortuk alegazioen idatzian. Sorturen ustez, Auzitegi Gorenaren ebazpenak, joan den martxoaren 30ean hartutakoak, urratu egiten du elkartzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioaren 22. artikulua), alderdiak sortzeko eskubideari (Konstituzioaren 6. artikulua) dagokionez.

Alderdi politiko bat sortzeko eskubidea aldarrikatu du Sortuk, sustatzaileek legez kanporatutako alderdietan parte hartu edo ez. Sorturen ustez, Auzitegi Gorenaren ebazpenak, ordea, ukatu egiten du parte hartze politikoaren eskubidea, juridikoki «oinarririk ez duen argudio batekin»: ETAk dirauen bitartean eta armaturik dagoen bitartean, ezker abertzaleak ETAri buruz adierazten duena adierazten duela, baita haren metodoak eta ekintzak arbuiatuta ere, ezin da eragile politiko normala izan, gainerako alderdien baliokide, talde armatuaren iraupena mehatxu bat delakoan gainerako alderdien jarduerarako. Tesi hori —atzo bertan Fiskaltzak argudiatu zuena alegazioetan— Konstituzioaren kontrakoa dela uste du Sortuk. Hori erakusteko, Eduardo VirgalaZuzenbide Konstituzionaleko katedradunak uztailean argitaratutako idazlan bat erabili du. Virgalaren ustez, ezker abertzaleari legezko izatea eragoztea erabaki du Auzitegi Gorenak, «nahiz eta ETAren terrorismoaren erabilera irmoki arbuiatu». Virgalaren ustez, ordea, alderantziz jokatu beharko litzateke. «Sektore politiko horrek mehatxu bortitzaren babesik gabe lan egitearen alde egiten badu, estatu demokratikoak egoera hori onartu eta legeztatzea beste aukerarik ez dauka. Ezin da pentsatu legez kanpo izatea hautesleriaren %15 edo %20 ordezkatzen duen eta ETAren jarduerari lagundu gabe bitarteko politiko eta legezkoen bidez jardutea erabaki duen alderdi bat».

Fiskaltzaren alegazioak

Alegazioen idatzian, Fiskaltzak Estatuaren abokatuaren ildo beretik jo du. Fiskaltzak argudiatu du ez dela nahikoa ETAren indarkeria gaitzestea. Zehazki, «terrorismoaren biktimen zalantzarik gabeko aitortza» eta «dudarik gabeko desegiteko eskaera» ezinbestekotzat jo ditu Fiskaltzak Sortu legezkotzat jo ahal izateko. Horrez gain, Sortu ez legeztatzeko eskatzean, «gizarte demokratikoarentzat arrisku bat» dela argudiatu du Fiskaltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.