EAJ Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira ari da, Pello Urizar EAren koordinatzaile nagusiaren irudiko. Alderdi jeltzalea Gipuzkoan egiten ari den mugimenduak ere bide horretan ikusten ditu. Egoera «gaiztotzea» egotzi dio, eta argitu du horrek ez duela zerikusirik ez hondakinen gaiarekin ezta Juan Carlos Alduntzin diputatuaren kontra aurkeztuko duten zentsura mozioarekin ere: «Kalkulu politikoa da, EAJk diseinatutako estrategia». Hala, «hauteskunde kalkuluen araberako kolpeka» bakarrik mugitzea aurpegiratu dio.
Izan ere, Urizarren irudiko EAJ ez da ezer egiten ari, eta ez die besteei ere ezer egiten uzten. Ez du ezer egiten, eskuak lotuta dauzkalako, «bere garaian ez zelako ausartu PP eta PSE-EErekin akordioa egin eta independentismoa gobernutik kanpo uzten»; eta ez du egiten uzten, «ezinezkoa eta faltsua den axioma bat demostratu nahian ari delako: hau da, EAJk bakarrik dakiela gobernatzen».
Baina, EAren irudiko, Bildu «ondo» ari da gobernatzen, eta horixe erakusten du EAJren jarrerak. Hori ez ezik, Euskal Herria Bildu (EH Bildu) koalizioak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitza onak izango dituen beldurra ere ezkutatzen da EAJren jarreraren atzean, Urizarren irudiko: «Horrek poz handia ematen digu, EAJk izaten baititu esku artean inkestarik onenak eta barneratuta baitauka EH Bildu aurreneko indarra izango dela».
Horregatik, boterea eskuratzeko helburuarekin «inori ateak itxi gabe» akordioak prestatzen aritzea aurpegiratu dio EAk alderdi jeltzaleari. PPri gai ekonomikoetan eta PSE-EEri gizarte gaietan keinuka aritzea egotzi dio, «zehaztasunik gabe, ateak itxi gabe eta lehendakaritzara iristeko bidean traba izango zaizkion promesik egin gabe». Horrek ez dituela kezkatzen azaldu dute Pello Urizarrek eta Eneko Ostolaza EAren Gipuzkoako koordinatzaileak, baina jakin-mina sortu zaiela aitortu dute, eta honako galdera hauek egin: «Iñigo Urkullu zer eskaintzeko prest dago boterearen truke? Zerekin konformatuko da PSE-EE boterea probatu ostean? PPk gai ekonomikoetan bakarrik egingo ote ditu exijentziak? Enkante honetan Eusko Jaurlaritza bakarrik al dago jokoan?».
EAJren jarrerak ez dituela harritu aitortu dute EAko kideek, baina «tristetzat» jo dute «oinarri abertzalea duen indar batek Espainiako eskuinaren eta ezkerraren jokoa jarraitzen duela ikustea».
Bi aukera mahai gainean
EAk gizarteari ohartarazi dio bi aukera daudela: «Betiko egoera betikoen esku, orain gauden egoera sortu dutenak, batetik; eta eredu berri eta berritzailea, bestetik». EAJren, PPren eta PSE-EEren aukera «betikoa» dela ohartarazi dute: «Mariano Raxoiren erabaki ekonomikoak ezin txarragoak izaten ari dira, baina Jose Luis Rodriguez Zapaterorenak ez ziren hobeak izan, eta EAJk beti babestu ditu bai batzuk eta bai besteak».
Horren aldean EH Bilduren aukera «independentista, aurrerakoia, plurala, itzulingururik gabea» dela eta «eredu sozioekonomiko alternatiboa» eskaintzen duela nabarmendu du Urizarrek.
Nolanahi ere, alderdi horiei ardurarik eskatzen ez direla hasiko esan, eta herritarrei emandako hitza betetzeko lanean jarraituko dutela berretsi du.
Bozetako kalkuluen arabera kolpeka jardutea egotzi dio Urizarrek EAJri
EAk argi dauka «Gipuzkoan sortu den giro garratzak» ez duela zerikusirik zaborren gaiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu