Azaroaren 20ko hauteskundeetarako aliantza politiko bat osatzeko proposamena elkarrekin aztertu zuten atzo ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek. Lehen hartu-emana izan zen, baina ez azkena. Izan ere, lau alderdiok agiri bateratu batean jakinarazi zuten harremanetan jarraitzeko asmoa dutela, bozetan batera aurkezteko formulaz eztabaidatzen jarraitzeko. Balizko egitura bakar horri eman beharreko formatik harago, funtsezkoan bat datozezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralar: Espainiako bozetan Euskal Herria «subjektu politikoa» dela azalaraztea garrantzitsua dela diote.
Ordubete inguru egon ziren batzartuta lau alderdiak, Aralarren Donostiako egoitzan. Ezker abertzaletik Miren Legorburu eta Txelui Moreno izan ziren, EAtik Ikerne Badiola eta Mariano Alaba, Alternatibatik Oskar Matute eta Begoña Vesga, eta Aralarretik Patxi Zabaleta, Jon Abril, Rebeka Ubera, Txentxo Jimenez eta Iosu Murgia.
Batzarrean, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatzeko Espainiako Kongresurako hauteskundeek duten garrantzia nabarmendu zuten alderdiotako ordezkariek. Haien ustez, boz horietan azaleratuko da «Euskal Herriaren eskakizunasubjektu politiko gisa duen eskubidea betetzea» dela, «Madrilekin eta Europarekin nahi dituen kanpo eta barne harremanak erabaki ahal izateko». Ideia hori oinarri hartuta, hauteskundeei begira hautes egitura bat eratzearen inguruan «hausnarketak eta proposamenak» trukatu zituzten.
Azaroaren 20ko bozetara bat eginda aurkezteko proposamenaren harira jarrera irekia agertu du Aralarrek hasieratik, nahiz eta balizko aliantza horri eman beharreko forman eta izan beharreko ordezkaritzetan bestelako proposamenak egin. Aralarren nahia da Nafarroan NaBai eta Bilduren arteko koalizioa egitea eta EAEn Aralar eta Bilduren artekoa. Senaturako, berriz, EAJri ere ateak zabaltzea proposatu du.
Aralarrek, gainera, hauteskundeei begira indar abertzaleen arteko elkarlanaren alde egin du V. Biltzarrari begira landutako txosten politikoan. Bertan dio hauteskunde orokorretara norekin joan erabakitzeko orduan besteak beste Euskal Herrian ireki den garai berria kontuan hartu beharko dela, eta bake eta normalizazio prozesuaren defentsak eta Gernikako Akordioaren garapenak izan behar dutela irizpide.
Uxue Barkosen iritzia
Atzo Iruñean Uxue Barkos Iruñeko hautetsi eta azken bi legealdiotako Kongresuko NaBairen diputatuak adierazi zuen Aralarrek oraindik ez duela ofizialki gonbidapenik egin NaBairen barruan EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak egindako proposamena aztertzeko.Dena den, proposamenari buruzko bere iritzia agertu zuen: «Bilduren proposamenak NaBairen kontra egiten du zuzen-zuzenean, taktikoki ez baitu onartzen herrialde bakoitzeko ezkertiarron eta abertzaleon interesak. Ez dakit nola konpon dezakegun NaBairen bizitza Bilduk egindako proposamen horrekin».
Bozetarako aliantza eratzeko asmoz, harremanetan segituko dute
Ezker abertzaleak, Alternatibak, EAk eta Aralarrek hauteskundeetara batera joateko aukera aztertzeko lehen bilera egin duteBozetan Euskal Herria «subjektu politikoa» dela agertzea garrantzitsutzat jo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu