Bozetarako indar ezkertiarrak bat egitearen alde dago Alternatiba

2011ko udal eta foru hauteskundeetan «euskal eskuinari» aurre egitea funtsezkotzat jo du

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Oskar Matute Alternatibako koordinatzaileak adierazi duenez, ezkertiarren eta subiranotasunaren aldekoen indar metaketaren alde egingo dute apustua 2011ko udal eta foru hauteskundeetara begira; betiere «bide baketsu eta demokratikoak direla medio». Ahalegina luzerako aliantza estrategikoak sortzeko erabiliko dutela esan du Matutek; «alderdi politikoek zein herri mugimenduek parte hatuko duten aliantza sortzea nahi genuke».

Datozen hauteskundeetara begira dago jada alderdia; horren haritik, nazio biltzarra egingo dute etzi Bilbon. «Koalizio politikoak eraikitzeko ezinbestekoak diren printzipioen dekalogoa» eztabaidatuko dutela iragarri dute. Dokumentu horren arabera, estrategia bikoitza mantenduko du Alternatibak: Udal arloan ezkerreko indarren metaketa lortu nahiko du, bakoitzean aliantza bera lortu behar izan gabe. Foru aldundian, berriz, aliantza estrategikoak sortze aldera, aliantza bakarra lortu nahiko dute.

Matuteren arabera, «argi gelditu da Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntza agorturik daudela». Haren esanetan, «administrazio zatiketa absurdoa luzatzen duten tresnak besterik ez dira, subiranotasun eskubidea Espainiaren eskuetan egotea ziurtatzen dutenak».

Gernikako Akordioaren balioa ere goraipatu du, eta alderdi sinatzaileek «gizarte eredura begirako beste akordio estrategiko bat bultzatzeko beharra» azaldu du.

Datorren larunbatean Lehen Nazio Biltzarra egingo du Alternatibak. Bertan, aipaturiko «koalizioak eraikitzeko printzipioen dekalogoa» eztabaidatu eta onartuko dute.

Beste hainbat gai ere jorratuko dituzte; besteak beste, alderdiaren estatutuak eta emakumeen partaidetzarako erronkak bozkatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.