Gaur abiatu da Norabidea ataria, eta aurkezpen ekitaldi gisa Kataluniaren prozesu subiranistaren inguruko mahai ingurua antolatu du sustatzaileek. Katalunian zer gertatzen ari den ezagutzeko aukera eskaini eta Euskal Herrira begira jarri dituzte honako hiru adituak: Salvador Cardus soziologoa, idazlea, Zientzia Ekonomikoetako doktorea eta egun Consell Assessor per a la Transició Nacional izeneko Kontseiluko kidea, Rita Marzoa kazetaria Catalunya Radion eta Jaume Lopez Zientzia Politikoetako doktorea eta Bartzelonako Pompeu Fabrako irakaslea.
Ekitaldia irekia izan da joan nahi duten herritar guztientzat; BERRIAk zuzenean emango du, streaming bidez. Mahai ingurua katalanez izan da, euskarazko zuzeneko itzulpenarekin. Norabidea bloga gaur bertan sareratu da, eta mahai inguruaren ekitaldiaren hasieran aurkeztu du Pello Urzelai kudeatzaileak. Euskal Herriko hainbat eragileren arteko elkarlanetik sortu da ataria: BERRIA Taldea, Hamaika telebista, Udalbiltza, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia, ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz institutua, LABen Ipar Hegoa fundazioa eta EHUren Euskal Nazionalismoa XXI Mendean masterra.