BOZKETA EGUNA IPAR EUSKAL HERRIAN. Instituzioaren aldeko 22.000 bozak entzunak izatea espero du Batera-k

'Euskal lurralde elkargo baten alde zirea?' galderari 28.000 hauteslek erantzun diote, baietz %78k eta ezetz %19k

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Kontsulta oraindik ez da bururatua eta mementoko ezin dutela behin betiko azterketarik egin abisatu dute Batera-ko plataformakoek. Heldu den igandean, eskualdeko hauteskundeen bigarren itzuliaren karietara bederatzi herritan egitekoa dute galdeketa. 20.000 hauteslek dute beren iritzia emateko aukera izanen orduan.

Halere, orain arte eskuratu emaitzekin jadanik «pozik» daude Batera-koak, Jakes Bortairu bozeramaileak erranik. 28.000 hautesleek beren iritzia eman dute Euskal lurralde elkargoaz, hau da, hautesleen %16,5ek. Horien artean aldekoak %78,34 izan dira. Erran nahi baita 22.000 bozkatzaileek Euskal lurralde elkargo baten alde dira. Herri guztietan baietzak du irabazi. Ezetz bozkatu dutenak, aldiz, %18,94 dira.

Eta hori, ez dela galdeketa ofiziala. Izan ere, joan den urrian galdeketa ofizial baten alde agertu 32.000 izenpedura ekarri zituen hainbat hautetsi eta auzapezek Baionako Suprefeturara. Ate hetsia aurkitu zuten. Orduko eskaera galdeketa bat antolatzea baizik ez zelarik izan. Pirinio Atlantikoetako departamendua elkor egonik, azkenean Batera-koek berak du antolatu galdeketa. Herritar horien sostengua ezin «peko errekara joatera utzi» eta horregatik dute bururaino eraman nahi izan «iritzia emateko aukera». Leialtasunez: «Guk modu koherentean jokatu dugu». Orain, galdeketa ofizial horren perspektiban gibelera ezin egin. «Historian markatuko duen memento bat da» kontsulta hau, Bortairuren ustez. «Ezingo dira gauzak lehen bezala segitu. Hautetsiek eta Estatuko arduradun politikoek beharko dute kontuan hartu eta serioski pentsatu zer erantzun politiko ematen dioten. Ezingo dute, orain arte bezala, mespretxuz tratatu instituzioaren galdera», gaineratu du Bortairuk. Ezagupen instituzionala funtsezko arazo bat dela erakusten ari da kontsulta, haren iduriko: «Demokratikoki tratatu behar dena». Horren haritik, Batera-koak baikor agertu dira ikusteaz instituzio berezi baten kontra direnak ere bozketan parte hartu dutela: «Horrek berak erakusten du eztabaida hor dela. Herritarrek kontsultatuak izan nahi dute», Bortairuk adierazi duenez. Erantzun baten premia ere azpimarratu du Ipar Euskal Herriko auzapezen biltzarreko lehendakari Christine Bessonartek. Biltzarrak kontsultaren alde egin zuen: «Ahal den guztia egin beharko dugu orain erantzun bat izan dezan kontsultak. Orain arte, galdera egin den aldi bakoitzean erantzun bat ekarri dute. Dela Hautetsien Kontseilu, Garapen Kontseilu, Euskararen Erakunde Publiko edo beste». Auzapezen biltzarra apirilaren 9an biltzekoa da, eta orduan ikusiko da nola aztertu gai hori.

Iholdin parte-hartze ederra

Emaitzen zenbakiak hurbilagotik begiratzerakoan, itsasaldeko hirietan baino, barnealdeko herrietan parte-hartze handiagoa izan dela agertzen da. Iholdiko kantonamenduan (Baxenabarre) izan da parte-hartze handiena. Hango herrietako hautesleen %34,42k bozkatu dute. Eta horien artean baietz bozkatu dutenak %73,58 dira, eta ezetz %20,49. Beste datu adierazgarri bat da Mauleko kantonamendukoa izan daiteke. Horko herrietako hautesleen %34k parte hartu dute. %63,17k baietz erran dute, eta ezetz %32,3k.

Hiri handietan, berriz, Angelu, Miarritze eta Baiona adibidea hartzen bada, horietan, parte hartzea %8,52koa izan da. %82,19k baietz bozkatu dute, eta %15,29k ezetz. Parte-hartze horri begira, bozkatzaile gehiago izanen zirela aurrez ikusten zuen Bessonartek. Zenbaki txikiak itsasaldean «euskal sena galduago dutelako» izan daiteke, haren ustez. «Hiriak anonimoagoak dira. Gure berezitasunen kontzientzia gutxiago dute agian». Kanpotik etorri jende kopurua ere handiago dela nabarmendu du. Bessonart bera Senpereko auzapeza da, eta han heldu den igandean eginen dute kontsulta. Dena dela, trabak traba, kontsulta bururaino eraman dela, arazorik gabe eta lasaitasunean zehaztu du, bestalde, Bortairuk. Bi gutun bidali izan ditu prefetak auzapez guztiei. Bata urtarrilaren 22an eta bestea martxoaren 1ean. Bietan oroitarazi zien galdeketaren antolaketan ezin zutela parte hartu. Hori ez dela egia iharduki zuen Batera-k hasieratik. Eta 158 herrietako 90 auzapezek kontsultari babesa helarazi zioten.

Trabak ez dira horretan gelditu, ordea. Suprefetak galdeginik gendarmeak agertu dira Zuberoako Bildoze, Arrokiaga eta Idauze-Mendin igandean bertan. Bozka mahaiak herriko etxe barnetik ateratzeko eskatu die. Herri horietan, halere, egin dute kontsulta. Angelun ere Polizia hurbildu zen zenbait kontsulta mahaitara, baina ez dute trabarik jarri, eta mahaiak hor egon dira.

AHTari %90ek ezetz hunkituko dituen herrietan

CADE ingurumenaren aldeko elkartearen taldeak antolaturik, AHTaren egitasmoak zeharkatuko dituen bederatzi herrietan hautesleei beren iritzia emateko aukera eman die. Eta horiek azaldu dute erabat kontra direla. %90a gainditu dute herri gehienetan. Emaitza handiena Biriatun izan da. Bertan, %96,3 kontra agertu da. Apalena Basusarrin izan da, baina hor ere %88ra iritsi dira. Ahetze eta Biriatun gehiago izan dira galdeketa horretan parte hartu dutenak eskualdeko hauteskundeetan baino. Parte-hartze aldetik, hauteskunde ofizialen parte-hartze berdintsua lortu dute galdeketa horretan. Galdeketa horren bidez beren iritzia eman duten herri horiei gehitu daitezke aitzineko hauteskundeen karietara egin diren beste galdeketak. Orotara 14 herri dira Lapurdin ezetz diotenak egitasmoari, Lehuntzetik Biriatura. AHT Gelditu! Elkarlanak «txalotu» egin du igandean «AHTaren aurka adierazi irmotasuna». Bide batez deia egin du apirilaren 25ean Aramaio eta Arrasate Euskal Y-eko lanek kaltetu ingurunera mendi martxa nazionalean parte hartzeko.

@sarean

Herenegungo galdeketako herriz herriko emaitzak ezagutu eta hurrengo galdeketa zein herritan egingo den jakiteko, bisitatu webgune hauek.

www.batera.info. Batera plataformaren webgune ofiziala.

www.berria.info. Herriz herriko emaitza eguneratuak daude.

9

Bederatzi herritan kontsulta igandean. Senpere, Arbona, Ahetze, Biriatu, Ziburu, Bidarte, Basusarri, Urruña, Azkaine. Orotara 20.000tik gora hautesle. Horiekin orotara 124 herritan dute eginen kontsulta. Eta baliteke aste osoan beste herri zenbait ere motibatzea.

Kontsulta ofizialaren eskaera aspaldiko aldarrikapena dute

2002. Batera plataforma urte horretan sortu zuten. Euskal Herriko Laborantza Ganbera, berezko unibertsitatea, euskal departamendua eta euskararen koofizialtasuna eskatzeko sortu zuten. Geroztik ere hainbat ekimen antolatu dituzte. Galdeketa ofizialaren eskaera du mementoan helburu nagusitzat.

Hautesleekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izan dute igandean kontsultarako lan egin duten 1.000 laguntzaileek; esperientzia baikorra, hamaika anekdota tartean.

«Oilaskoa labean dut!»

Nora Arbelbide. Baiona

Bozkaleku ofizialetatik hurbil, karpa txikien pean hotzari gaina hartuz hedatu da kontsulta herri eta hirietan gaindi. Bai, Ez, Oui, Non, lau paper txiki eta bakoitzean hau: Euskal lurralde elkargo baten alde zirea?. Dena egiazko galdeketen antzera. Gutun-azal, kutxa garden. Gordelekua ere, intimitatea segurtatzeko. Hautesleen zerrenda baita. Bozkatzearekin batera, nortasun agiria aurkeztu eta izenpetu. Baina hori dena aitzin, hauteslea hurbildu behar.

Herri txikietan aitzinetik egina izan da lan. Itsasaldeko hirietan, berriz, anitzek ez zekiten galdeketa bazenik ere. Lepoko urdin argi bizia soinean, bozketa ofizialetik jalgitzen direnak kontsultan parte-hartzera gonbidatzeko azalpen lanetan aritu behar. Eskapatu zaizkie anitz, «presatuak» direlakoan, «oilaskoa labean dut!» eta horrelako argumentuak erabiliz. Antzera ferratzera bidali dituztenak ere badira, kontra direla erranez. Eta preseski kontra bozkatzen ahal zutela ihardukiz, Batera-koek batzuek konbentzitu dituzte azkenean. Konbentzi errazagoak, gazteak. Baina bozkatzaileen artean, zaharrak nagusi, iduriz. Anekdota trumilka dituzte kontsultak herriz herri zaintzen aritu direnek. Baina, oro har, lehen esperientziaz kontent atera dira denak. Hautesleekin zuzenean hitz egiteko aukera izan baitute, edo, gutxienez, saiatu ahal izan dira.

Angelun lana zaildu die Jean Espilondo auzapezak. Udal erabakia kaleratu zuen ostiralean, kontsulta mahaiak urruntzeko eskatuz. Baina erabakiak ez zuela baliorik eta atxiki dituzte Baterakoek aitzinetik erabaki lekuak. Lortu dute hautesleen %6,07k parte hartzea. Espilondok ez du segidarik emateko asmorik, «ez dut probokazioari erantzunen». Haserre jarraitzen du, haatik: «Autoritatea ez dutelako errespetatu. Halere, hautesleek arrazoia eman didate!», parte-hartze txikia gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.