Paueko Auzitegiak Uberka Bravo Espainiaratzea erabaki zuen atzo. Espainiako justiziak Bravoren aurka egindako euroagindu eskaera onartzearekin batera, gaztea zaintzapean aske uztea ebatzi zuen auzitegiak. Irungo (Gipuzkoa) gaztea atzo bertan irtetekoa zen Seysseseko espetxetik, haren abokatu Amaia Rekartek Efe agentziari adierazi zionez. Haren esanetan, «adierazgarria» da ustez ETAkoa den pertsona bat Frantziak aske uztea.
Bravo joan den urriaren 12an atzeman zuten Hendaian (Lapurdi), Askapenaren kontrako polizia operazioaren barruan. Irailaren 30etik zuen Poliziak hura bilatu eta atxilotzeko agindua. Egun hartan, Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxeratu egin zituen Askapenako bost kide; auto berean, Bravo atxilotzeko agindu zuen Pablo Ruz epaileak. Askapenako buruetakoa izatea egozten dio Auzitegi Nazionalak.
Euroagindua onartu arren, Paueko Auzitegiak adierazi du ez dela bere egitekoa Bravoren aurkako auziaz iritzirik ematea.
Bravo Espainiaratzea onartu, eta zaintzapean askatu du Frantziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu