Brent upela, 75 dolarretik gora

Nazioarteko tentsio geopolitikoek eta eskariaren sendotasunak eragin dute prezioen igoera

joxerra senar
2006ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Uda ez doa oso bero, baina petrolioaren prezioa irakiten jarri da, berriro. Urte osoa darama garesti. Duela bizpahiru urteko mailarekin alderatuta, oso garesti: 70 dolarren eremuan batez beste. Baina atzo beste mugarri bat gainditu eta inoizko prezio handiena iritsi zuen Ipar Itsasoko Brent petrolioupelak, Europako findegien erreferentzia nagusiak. Londresko ICE merkatuan 75 dolarrak gainditu eta 75,09 dolarrera iritsi zen. Azkenean, baina, 73,51 dolarrean amaitu zuen eguna.

Ez da marka hautsi duen upel bakarra. AEBetako Texas petrolio upel arinak, 75,78 dolarreko errekor historikoa lortu zuen atzo New Yorkeko Nymex merkatuan.

Analistek tentsio geopolitikoei egotzi diete aste honetako prezioen igoera. Batetik, Irakeko gerra luzaroiraungo duela dirudi. Bestetik, Iranen egitasmoaren atzean arma nuklearrak egiteko asmoak ote dituen susmoak dituzte Europako Batasunak eta Estatu Batuek. Eta merkatuak beldur dira Irani zigorrak ezarriko otezaizkion eta horrek petrolio hornidura arma gisa erabiliko ote duen.

Horri gaineratu behar zaizkio, Niger ibaiaren deltako gerrillen ekintzak. Atzo, Herbehereetako beste petrolio langile bat bahitu zuten, eta euren erasoen ondorioz Nigeriak %20 murriztu du produkzioa aurten. Eta, azkenik, petroliorik ekoitzi ez baina munduan tentsio gehiago eragin duten Ipar Korearen misil jaurtiketak daude.

Bestetik, analistek kontsumoaren sendotasuna aipatzen dute, prezio garestiek ez baitute kontsumoa geldiarazi. Munduko ekonomia sendo dagoen heinean, eskaria handia izango dela uste dute.

Erregaiaren prezioa

0,985 A Gasolioa. Gaur Hego Euskal Herriko gasolindegi askotan 0,985 euro balio ditu litroak.

95 oktanoko berunik gabeko gasolioa. Litroa 1,094 eta 1,1 euro artean egongo da gaur.

Superra. Gaur 1,187 euro balioko ditu superraren litroak.

Garestitzearen arrazoiak

Kontsumoa, etengabe gora. Prezio garestiek ez dute munduko kontsumoa kikildu. Egin kontu: IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, 2004an egunero batez beste 82,6 milioi upel kontsumitu zen; iaz batez beste 83,7 milioi, eta aurten 84,9 milioi kontsumitzea aurreikusi da.

Produkzioa, tartea estutzen. Produkzioak kontsumoaren igoerari erantzun beharra dio, baina egun marjin hori gero eta estuagoa dela dirudi. Hots, ekoizleek gero eta zailtasun gehiago dituzte kontsumoari erantzuteko.

Uda, urtaro asegaitza. Hori da petrolioaren jokaleku orokorra. Kontuan hartu behar da ipar hemisferioan uda dela, gasolina gehien kontsumitzen den urtaroa. Batez ere Ameriketako Estatu Batuetan -munduko gasolinaren %40 eta petrolio gordinaren %25 kontsumitzen dute-. Azken datuek diote erregaien prezio garestiek ez dituztela gidariak aurreztera bultzatu eta azken hilabetean iaz baino %1,5 gehiago kontsumitu dela AEBetan.

Findegiak, gainezka. Egoera horretan, hornidura mehatxatu dezakeen edozein gertaerak prezioak bor-bor jartzen ditu. Adibidez, AEBetako findegietan ekoizpen ahalmena gainezka dago, eta gasolina Europatik inportatzera behartutak daude. Petrolio taldeei aurpegiratu zaie ez dutela behar beste inbertitu.

Tentsio geopolitikoak. Edo deitu Irak, Nigeria, Iran edo Ipar Korea. Lehen hirurak petrolio ekoizleak, azkena ez. Baina nazioarteko tentsioek, batzuetan petrolio hornidura eteten dute, edo etorkizuneko hornidura eten daitekeen zalantza eragiten dute. Erregai nahikoa izua pizteko.

Espekulatzaileak. Ez da maiz aipatzen, baina petrolio merkatuetan petroliogintzarekin zerikusirik ez duten espekulatzaileak aritzen dira, eta prezioen igoeraren alde apustu egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.