Brian Currinek esan du aurrerantzean ekimena ezin dela alde bakarrekoa izan

Currin: «ETAren biktimen inguruan hausnartu, eta gaia agendara ekarri beharko luke ezker abertzaleak»

Donostia
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gatazkan Espainiako Gobernuak «pausoak eman» behar dituela adierazi zuen Brian Currin nazioarteko gatazketako adituak Euskal Herria: errealitatea eta utopia EHUko udako ikastaroaren barruan. Izan ere, «aurrerantzean ekimena ezin da izan alde bakarrekoa», Currinen iritziz, eta esan zuen horretarako Espainiako Gobernuak «pauso eta ekimen batzuk» eraman behar dituela aurrera. Horrez gain, «ETAren indarkeria erabat desagertzea ezinbestekotzat» jo zuen, eta horren inguruan itxaropentsu agertu zen. Euskal Herriko gatazka «konpontzen errazteko lanetan» ari da.

Bake prozesu batean ezinbestekoak diren ardatzen artean, berriz, nazioarteko laguntzarena aipatu zuen Currin abokatu hegoafrikarrak. Alde horretatik, bake prozesu batek emaitza ona izatekotan «lan asko» dagoela egiteko adierazi zuen bitartekari adituak. Nolanahi ere, ez dagoela«ezkor» gaineratu zuen. Bide horretan, zenbait urrats egitea «ezinbesteko» ikusten du.

«Azken bi urteotan egin den oinarrizko lana eta, bereziki, ezker abertzaleak egindako ahalegina» ere azpimarratu nahi izan zuen Currinek; «horren ondorioz, testuinguru berri bat sortu» delako eta «lehen ez zeuden baldintzak» daudelako orain. Hala ere, balizko bake prozesu batean emaitza «arrakastatsuak» lortzeko «urte batzuk beharko» direla esan zuen nazioarteko bitartekariak.

Eman beharreko urratsak

Egoera konpontzeko bidean, munduko hainbat lekutan, hasierako baldintzak betetzen ez ziren lekuetan, behin urrats bat edo bi eman ondoren «gauzak asko aurreratu» izan direla adierazi zuen. Horrela, Currinek esan zuen Euskal Herriko gatazkan aurrerapausoa izango litzatekeela «Madrilek ezker abertzaleak eman dituen pausoak onartzea eta horiek aurrerapauso moduan aitortzea», baita «Sortu legeztatzearen inguruan Espainiako Gobernuak zein ikuspegi duen jakiteak» ere.

Horrez gain, Currinek uste du onuragarria izango litzatekeela auzitegietan dauden hainbat aferari «luzapen bat ezartzea» eta Espainiako Gobernuak presoen auzian «alderdi humanitariotik» hausnarketa egitea; baita «bake prozesuan zabaltzen ari diren ekimenetan Arnaldo Otegiren modukoek parte hartzeko aukera izatea» ere.

Konfiantza eraikitze aldera, berriz, Currinek esan zuen ezker abertzalearen barnean «ETAren biktimen gaiaren inguruan dagoen ikuspegia ezagutzeko hausnarketa bat martxan jarri behar» dela, eta «gai hori agendara ekartzeko aktiboki lan egin» beharko luketela. Era berean, abokatu hegoafrikarrak adierazi zuen ezker abertzaleak «berretsi» egin beharko lukeela bere iritzian «ETAren indarkeria behin betiko amaitzea ezinbestekoa» dela. Hori aurretik ere egin duela aitortu du, baina berriz egitea egoki litzatekeela uste du.

Eztabaida mahaiak

Gatazka politikoari dagokionez, berriz, nahiz eta erabakiak Euskal Herrian eta Madrilen hartu beharko diren, Currinen ustez, alderdi guztiek eseri beharko dute «eztabaidatzeko eta adostasun maila batera iristeko» mahai batean.

Beste eztabaida mahai bati ere egin zion erreferentzia bitartekari adituak: Madrilen eta ETAren arteko mahaiari, hain zuzen ere. Mahai horretan, «indarkeriaren amaierari, armak uzteari eta su-etena ziurtatzeari buruz hitz egin beharko» dela esan zuen Currinek. Hortaz, «bi mahaien artean menpekotasuna» dagoela ere adierazi zuen nazioarteko harreman taldearen buruak; izan ere, «segurtasunari dagokion atalak bi mahaietan izango duelako eragina». Hala ere, Euskal Herrian alderdien artean «adostasun maila bat» badagoela esan zuen Currinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.