Brissonen arabera, konponbidean laguntzeko prest da Frantzia

Segurtasuna eta bakea sendotzen dituzten urratsak pozgarriak direla erran du UMPko idazkariak

Ezkerrean, Max Brisson, eta, eskuinean, Michele Alliot Marie, UMPk Angelun egin agerraldian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Angelu
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
«Espainiak nahi badu, Frantzia prest egonen da gatazkaren konponbidean laguntza emateko», adierazi zuen atzo Max Brisson Pirinio Atlantikoetako UMPko idazkariak. Kargua hartu eta gutxira egin ditu adierazpenak, ondoan zuelarik Michele Alliot Marie departamenduko UMPko presidentea eta Frantziako Barne zein Justizia ministro ohia. ETAren aurkako borrokan Espainia lagundu duen bezala, gatazka armatuaren azken atala kudeatzeko laguntza emanen diola adierazi du Brissonek.

Borroka horretan bi estatuen artean etenik gabeko elkartasuna egon dela azpimarratu du, eta,Europako partaideak diren heinean, Espainiak eskatuko balio Frantzia gatazkaren konponbidean parte hartzeko prest legokeela azaldu du. Preseski, ETAren aurkako borrokan Alliot Mariek ukan duen eginkizun nabarmena azpimarratu du Brissonek.

«Biztanleriari segurtasuna eta bakea bermatzen dieten elementu guztiak pozgarriak dira», azaldu du, berriz, Alliot Mariek. Zuhurtziaz aritu behar dela erran du, azken urteotan, ETAren su etenen ondorioz, esperantza ugari sortu direlako, ondotik deuseztatu direnak ekintza armatuak izan direlako. Pazientzia ukan behar dela azaldu du, «Espainian hautatu berri dute gobernua, eta ikusi beharko da zer erabakitzen duten». Tokiko arduradun politikoek erabaki horren arabera aritu beharko dutela erran du.

Sarkozyren ildotik

UMPko departamenduko buruzagiak ez dira menturatu Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen adierazpenak finkatu zedarrietatik ateratzen. Izan ere, ETAk armak behin betiko uzten zituela iragarri ondoren, Sarkozyk jakinarazi zuen Frantziak laguntza emanen ziola Espainiari «behin betiko bakea eraikitzeko lanetan».

Brisson presente egon zen Aieteko nazioarteko konferentzian, eta handik ateratzean adierazi zuen Frantziak ezin zuela ezikusiarena egin, urratsak egin behar zituela. Balizko urrats horiek aipatzean, euskal preso politikoak hurbiltzeko ahaleginak egin behar zirela nabarmendu zuen. Horrekin batera, Ipar Euskal Herriaren egituratze politikoari buruz eztabaidatu beharko zela gaineratu zuen.

Iritzi berberekoak izan ziren Jean Jacques Lasserre Frantziako senatari zentrista, Kotte Ezenarro kontseilari nagusi sozialista eta Frederique Espagnac senatari sozialista. Ipar Euskal Herri osoan alderdien arteko solasari ekin behar zitzaiola erran zuten orduan.

Geroztik isiltasuna izan da nagusi. Mariano Raxoi Espainiako presidenteak urratsak egin beharko dituela azpimarratu dute Aieten egondakoek. Frantziari ere urratsak egitea dagokiola aitortu dute, horien nondik norakoei eperik edo zehaztasunik erantsi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.