POLITIKA

Bruño ahizpak auzipetu egin ditu Garzonek, euren borondatez ETAri 6.000 euro ordaindu izana egotzita

Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruñori leporatu die "erakunde terroristari" lagundu izana. Luis Amenabar ere auzipetu du, estortsioa jasan zuela ez salatzeagatik. Beste hamalau enpresari ez auzipetzea erabaki du epaileak, haien ustezko delituek preskribatu dutelakoan.

2010eko otsailaren 16a
19:59
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak auzipetu egin ditu Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruño ahizpak eta Luis Amenabar. Lehenbizikoei leporatu die borondatez 6.000 euro ordaindu izana ETAri; Amenabarri, berriz, egotzi dio ez zuela salatu estortsioa jasaten ari zenik. Iaz hasi zuen operazioa Garzonek, eta ia hogei enpresari deitu zituen deklaratzera. Orain hiru inputatu ditu, ebatzi baitu gainerakoen ustezko delituek dagoeneko preskribatu dutela.

Bruño ahizpei leporatu die euren borondatez ordaindu izana ETAri 6.000 euro. Epaileak dio hori "talde terroristarekin kolaboratzea" izan daitekeela. Iragan ekainean atxilotu zituzten bi ahizpak, Andrés Bruño e Hijos S.L enpresako arduradunak. Garzonen arabera, ETAko kide batzuei atzemandako eskutitz batean agertzen da haien izena, eta ETAk "eskerrak" ematen dizkie egindako diru ekarpenagatik. Hartara, Garzonek dio beren borondatez ordaindu ziotela dirua ETAri. Bi ahizpek ukatu egin zuten hori, eta salatu zuten estortsioa pairatu zutela.

Bestelakoa da epaileak Luis Amenabarri leporatzen diona. ETAren estortsio gutunak jaso eta haien berri ez ematea leporatzen dio Garzonek. Epaileak arrazoitu du salatu ez izanak oztopatu egiten duela Justiziaren lana: "Ez da aurpegiratzen ordaintze hutsa, baizik eta Poliziari eta Justiziari ez berririk eman zana ikerketak hasteko eta ekintza kiriminal horiek zigortzeko", dio autoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.