Espainiako Auzitegi Gorenak dio ezin dela frogatu Blanca eta Maribel Bruño enpresariek ETAri dirua emanda euren borondatez hura laguntzeko asmoa izan zutela eta, ondorioz, atzera bota du Auzitegi Nazionalak iazko udan haiei jarritako kartzela zigorra. Absoluzioaren berri duela bi hilabete izan zuten Bruño ahizpek, eta Gorenak epaia gaur atera du.
Auzitegi Nazionalak bakoitzari urtebete eta hiru hilabeteko espetxea ezarri zion, ETAri iraultza zerga ordaindu zietela egotzita. 2003 eta 2006. urte bitartean ETAri sei mila euro emateagatik zigortu zituen, horrela eurek erabakita erakunde armatua lagundu zutelakoan. 2009an Bordelen (Frantzia) ETAko ustezko zuzendaritza atzeman zutenean, hari aurkitutako gutun bat zen horren froga, Auzitegi Nazionalaren irudiko. Gorenak dioenez, dirua eman bazuten, "estortsioagatik beldurra" sentitu zutelako izan zen.
Zigortuek helegitea jarria zuten Gorenean. Fiskalak zigorrari eusteko eskatu zuen, baina Carlos Granados Perez, Joaquin Gimenez Garcia, Miguel Colmenero Menendez de Luarca, Luciano Varela Castro eta Antonio del Moral Garciak osatutako epaimahaiak atzera bota du zigorra.
Auzibidean Bruño ahizpek epaileari esan zieten "30 urte mehatxatuta" pasatu ondoren "ETAren biktimak" izan zirela.