Politika

Bruño ahizpen aitak "injustizia bikoitza" bizi dutela salatu du

Guardia Zibilak lehengo astean atxilotu egin zituen Blanca Rosa Bruño Azpiroz eta Maribel Bruño Azpiroz, ETAri nahita dirua eman diotelakoan. Haien aitak esan du "estortsio saio baten eta Justiziaren biktima" direla, eta ukatu egin du bere alabek "ezker abertzalearekin zerikusirik" dutenik, Garzonek leporatu bezala.

2008ko ekainaren 17a
14:05
Entzun
Blanca Rosa Bruño Azpiroz eta Maribel Bruño Azpiroz ahizpen aitak -Andres- gaur adierazi du bi haien atxiloketa dela-eta "injustizia bikoitza" bizi dutela. "Lehengo eta behin, estortsio saio baten biktima dira. Eta bigarrenik, Justiziarena; nire bi alabek ezker abertzalearen inguruarekin zerikusirik ez dutela frogatu nahi izan ez duen Justiziarena".

Guardia Zibilak lehengo asteazken gauean atxilotu zituen Bruño Azpiroz ahizpak, Orion (Gipuzkoa), Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, ETAri "euren borondatez" sei mila euro eman zizkiotelakoan. Baldintzarik eta bermerik gabe espetxeratu zituen ondoren. Sendiak Aginagan eta Usurbilen (Gipuzkoa) itsaski eta kontserba enpresak ditu.

Orion bertan agerraldia egin du gaur Andres Bruñok, eta berak azkeneko 28 urteetan "era guztietako presioak eta estortsioak" jaso izan dituela nabarmendu du. Usurbilen alkate izan zen garaian (EAJtik) "estortsioa" salatu zuela gogoratu du, eta akta bat badela horretaz. Orain berriro hedabideen aurrera irtetea "gogorra" egiten zaiola azpimarratu du.



Garzonek Bruño Azpiroz ahizpak espetxeratzean zioen maiatzaren 20an Bordelen (Frantzia) egindako polizia operazioan ETAri atzemandako dokumentazioa dagoela. Zehazki, Ainhoa Ozaeta, Xabier Lopez Peña, Jon Salaberria eta Igor Suberbiola atxilotu zituzten Bordeleko etxean, ETAren izenean igorritako hainbat gutun aurkitu zituztela esan zuen Garzonek, eta horien artean Blanca Rosa eta Maribel Bruño ahizpei zuzenduriko bat. Epaileak ziurtzat jo du Maribel eta Blanca Rosa Bruñok ordainketa nahita egin zutela eta biek ETAri laguntzen jarraitzeko "bideak" dituztela.

Bide batez, bi ahizpek erakunde armatuarekin duten "gertutasun ideologikoa" sumatzen dela ondorioztatu zuen Garzonek. Autoan aipatu zuen biek, 2005eko martxoan, Aukera Guztiak plataformaren aldeko sinadura eman zutela eta Maribel Bruño Euskal Herritarrok taldeko hautesle zerrendako kidea izan zela 1999an.

Andres Bruñok gaur esan du "hurbiltasun" hori "testimoniala" dela, eta bere alabek ez dutela "zerikusirik ezker abertzalearen inguruarekin. Erraza zeukan [Espainiako Justiziak]: nahikoa zuen jakitea Maribel zein sindikatutan dagoen afiliatuta aspalditik, eta zer jarrera duen sindikatu horrek gai hauetan; eta nahikoa zuten frogatzea Blancak azken hauteskunde orokorretan botoa eman zuela [ANVk abstentzioa eskatu zuen]".

Andres Bruñok eskerrak eman dizkie elkartasuna adierazi dieten guztiei, eta berak ere elkartasuna luzatu die "estortsioa bizi duten guztiei".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.