UPDren eskakizunari erantzund dio Europako Batzordeak, eta Bruselak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundia ikertuko duela. Kontratazio publikoetan enpresei hizkuntza aldetik jarri dizkien eskakizunak aztertuko ditu Bruselak.
UPDko europarlamentari Francisco Sosa Wagnerrek aurkeztu zizkion galderak Europako Batzordeari. Obra publikoak eskaintzeko prozeduretan enpresei euskara ezagutzeko eskakizunak egin dizkietela adierazi du Sosa Wagnerrek.
Obrak eskaintzeko lehiaketa batzuk euskara hutsean egingo direla adierazi zion Sosa Wagnerrek Europako Batzordeari, galdera idatzien bidez, eta galdetu dio ez ote zaion "diskriminatzailea" iruditzen enpresa batzuk baztertzea hizkuntza arrazoiengatik. Ikerketa hasteko ere eskatu zuen.
Bruselak erantzun du. Europarlamentariaren esanak "xehetasun handiagoz" aztertu behar dituela adierazi du Michel Barnier Barne Merkatuko komisarioak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardun administratiboa ikertuko duela iragarri du, beraz, Barnierrek, eta, beharrezko suertatzen bada, zuzenketak egiteko eskatuko duela erantsi du.
Kontratazio publikoetan euskarari buruzko zenbait eskakizun egiten hastea onartu zuen udazkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urtarril bukaeran, herrialdeko beste 38 erakunde publikok bat egin zuten aldundiaren egitasmoarekin.