Hondakinak

Bruselak ohartarazi dio Espainiari hondakinak erraustetik aldendu egin behar duela

Abuztu bukaeran gutun bat igorri zion Europako Batzordeak Espainiak Europako Batasunean duen enbaxadoreari, eta hark helarazi die mezua Hegoaldeko erakundeei.

Zabalgarbi erraustegiaren irudi bat. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
inaki petxarroman
2016ko azaroaren 4a
16:37
Entzun

Walter Deffa Europako Batzordeko Hiri eta Eskualde Politikarako zuzendari nagusiak eta Daniel Calleja Ingurumen zuzendariak gutun bat igorri diote Espainiak Europako Batasunean (EB) duen enbaxadore Alfonso Dastisi —Mariano Rajoyk Atzerri gaietarako ministro izendatu berria—, ohartarazteko erakundeak derrigortuta daudela Europako Batasunak (EB) ekonomia zirkularra helburu ezarritako hondakinen kudeaketaren hierarkia errespetatzera. Ildo horretan, Europako Batzordeak gogoratu dio Espainiari 2016ko abenduaren 31 aurretik bete behar dituela irizpideak. Bide horretan, gutunean jakinarazi diote zabortegi berriak zabaltzea soilik "ezohiko" kasuetan onar daitekeela, besteak beste, "hondakin arriskutsu berreskuraezinetarako". Errausketaren kasuan, bakarrik "kasu mugatuetan" eta "behar den bezala justifikatuetan" onar daitekeela; hots, gehiegizko ahalmenaren arriskurik ez badago, eta aldez aurretik goitik behera errespetatzen badira hondakinen hierarkiaren helburuak: hau da, gaikako bilketa —besteak beste, gai organikoena—, murrizketa, berrerabiltzea eta birziklatzea.

Ildo horretan, hierarkia horren goiko aldean dauden proiektuek eduki behar dute erakundeen finantzaketaren lehentasuna, gutunaren arabera, eta ez hurrengo 20-30 urteetan martxan jarriko diren tratamentu mekaniko-biologikoko (TMB) eta errauste plantek. Defaak eta Callejak ohartarazi dute azpiegitura berriak egin aurretik kontuan hartu behar direla lehendik dauden azpiegituretan ea ez den posible hondakinak tratatzea, eta bermatu behar da proiektu berriek ez dutela gaikako bilketaren aurka egingo. "Hondakinen operadoreak eta tokiko agintariak lagundu behar dira hierarkiaren goiko aldera jo dezaten eta alden daitezen gaur egungo joera horretatik, hau da, zabortegi zein TBM eta errausketa bezalako azken buruko tratamenduetatik".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.