Ventura Tome Quirogak (Pasaia, 58 urte) beste egun batzuetan behintzat atxilotuta segituko du Belgikan, Bruselako epaile batek badaezpadako atxiloaldia ezarri diolako gaur. Atzo atzeman zuten, ETArekin lotuta. Belgikako Poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean egin zuen atxiloketa, 80ko hamarkadan bi atentatu egitea leporatuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak Ventura Tome Quirogaren aurkako euroagindu eskaera egina du.
Belgikako beste epaitegi batek bost egunen buruan hartuko du erabakia. Gaurko erabakia aztertuko du.
Berri agentziek zabaldu dutenez, hark "nahikotxo urte" daramatza nortasun agiri faltsuekin Belgikan bizitzen. 1992an atxilotu zuten aurreneko aldiz, Frantzian, eta 1996an berriro. Sei hilabete preso egon ostean, Espainiaratu egin zuten, eta han, aske utzi, baldintzapean. Ihes egin zuen.
Ventura Tome zegoen etxe berean beste lagun bat ere atxilotu zuten atzo: Xabier Agirre Ibañez. 2006an ere atzeman zuten —Ertzaintzak—, kale erasoak egotzita. Agirreri buruzko berririk ez dago, oraingoz.