POLITIKA

Bruselako eta Gernikako adierazpenei ETAk erantzun positiboa emango diela eta alde guztiak aseko dituela esan du Rufi Etxeberriak

Radio Euskadin elkarrizketatu dute, EITBk azken urte eta erdiko betoa altxatu ondoren, eta su-eten iraunkor eta egiaztagarri bat ETAren aldetik arma uzteko erabakiaren atarikoa litzatekeela esan du.

2010eko abenduaren 16a
16:38
Entzun
Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak Radio Euskadin adierazi duenez, ETAk erantzun positiboa emango dio Bruselako Adierazpenean eta Gernikako Akordioan eskatzen zaionari, eta erantzun horrek "alde guztietatik egiten zaizkion eskakizunak" aseko dituela ere esan du. "Ezaugarri horietako su-eten bat borroka armatua behin betiko gainditzeko borondatearen adierazgarria litzateke", gaineratu du.

Urte eta erdiz ezker abertzaleko kideek EITBn izan duten betoa altxatu du gaur zuzendaritzak, eta ezker abertzaleak ETAri eta Espainiako Gobernuari adierazpen horietan egiten diren eskakizunak betetzeko eskatzen jarraituko duela adierazi du Etxeberriak. "Gernikako Akordioko eskakizunak gure iparra izango dira. ETA eduki horietara iristen ez bada, ezker abertzaleak horiek ETAri aurkezten eta eskatzen jarraituko du".

Gainera, ETAren su-eten iraunkor eta egiaztagarri baten iragarpena behin-betiko armak uzteko erabakiaren atarikoa litzatekeela esan du. Dani Alvarez kazetariak Olentzerok zer ekarriko duen galdetuta "bakea" iragarri du: "Herri hau denbora askoan, gehiegi, lotu duen gatazka konpontzeko ilusioa eta konpromisoa ekarriko du", esan du, eta hori "bakea" ote den galdetuta, baietz erantzun du Etxeberriak.

"Ezker abertzaleak hauteskundeetan egon behar du"

2011ko hauteskundeen inguruan galdetuta, ezker abertzaleak hauteskundeetan egon behar duela esan du ezker abertzaleko kideak, "eskubidea duelako eta ilegalizazioen zikloarekin amaitu behar delako". Ezker abertzalearen apostua bide politiko eta demokratikoen aldekoka bakarrik dela berretsi du. "Bide horretan ETA laguntzen ari dela uste dugu", gaineratu du. Alderdi berria urtarrila bukaeran aurkeztuko dutela ere iragarri du, eta ezker abertzaleak ETArekin harremana duen galdetuta, organikoki ezetz erantzun du baina ETArekin harremana nork ez duen ere galdetu du, "hainbat gobernuk barne".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.