Bruselara joango dira TATeko kideak «tortura kasuak agerian uztera»

Oihana Elduaien Uranga.
2007ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Torturak jasan dituzten pertsonekiko nazioarteko elkartasun eguna da ekainaren 26a, eta TATeko kideak Bruselan izango dira egun horretan, euskal herritarrek jasaten dituzten torturen berri emateko. Espainiako Estatuak «inpunitate osoz» euskal herritarrak «torturatzen» dituela ikusarazi nahi du TATek. Espainiako Gobernuak «zirrikiturik gabeko sistema oso bat» daukala salatuko dute, eta agerian utzi nahi dute gobernu hori ez dela «demokratikoa». Eva Foresti erreferentzia egin diote TATeko kideek, eta, hark esaten zuen bezala, «ageriko» egingo direla azpimarratu dute.

Nekane Txapartegi TATeko kideak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, pare bat autobusetan joan nahi dute Bruselara, eta han egun bakar bat pasatzeko asmoa dute. Frantziako Legebiltzarreko eta Belgikako Legebiltzarreko hainbat talderekin biltzekoak dira, eta arratsaldean hitzaldiak emango dituzte gutxienez hiru herritan.

Euskal herritarrei Bruselako esperientziaren berri emango die TATek ekainaren 30ean, larunbatarekin, egingo duen ekitaldian.



BILERAK ERAGILEEKIN. Torturatu guztiek iaz Elorrion egin zuten batzarretik atera zituzten ondorio nagusiak manifestu batean batu ditu TATek, eta manifestua eskuan Euskal Herriko eragile sozial sindikal, kultural zein politikoekin bilerak egiten ari da. Tortura desagertze bidean pauso eraginkorrak emateko eskatzen diote eragile horiei. Txapartegiren arabera, jarrera ona ari dira edukitzen eragileak, eta atxikimendu asko ari dira biltzen. Baina, torturaren kontra ezer gutxi egin dezaketela esan diete gehienek.

Torturaren aurrean nork defendatu behar dituen galdera egiten dute jarrera horren aurrean TATeko kideek, eta eragile bakoitzak ahal duen guztia egiteko konpromisoa hartu behar duela azpimarratu dute. «Tortura ahalbideratzen duen makinaria osoa suntsitu behar dugu». Hilaren 30eko ekitaldian emango dute harreman hauen ondorioen berri ere, eta «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatuko diete eragile guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.