Bularreko minbiziak behin-behinean politika uztera behartu du Barkos

Bihar egingo diote ebakuntza NaBaiko Iruñeko alkategaiari; «ahalik eta azkarrena» itzuli nahi du

joxerra senar
Iruñea
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ostiralean egindako aurkezpenean, Nafarroa Baiko gainontzeko hautagaien modura, ilusioa islatzen zuen Uxue Barkos Iruñeko alkategaiaren aurpegiak. Atzo goizean, Barkosek prentsa ohar bidez komunikabideei eta iritzi publikoari jakinarazi zien behin-behinean politika uztera behartuta egongo dela, prebentziorako mediku azterketa batean bular batean konkor bat atzeman baitiote. «Lerro hauen bitartez jakinarazten dizuet hurrengo egunetan Iruñeko Udalean eta Kongresuko diputatu gisa Nafarroa Baiko eledun izateari utziko diodala beste bataila bati, oraingoan pertsonala, aurre egin ahal izateko». Bularreko minbizia duela gaineratu du Barkosek, eta tratamenduak eskatzen duen erritmoaren arabera, «ahalik eta azkarrena» berriro ere politikara itzultzeko nahia agertu du.

Oharra bidali eta gutxira, NaBaiko udal taldeak Iruñeko Kondestable jauregiaren inguruan prentsaurrekora deituta zuen, eta han egin zuen azken agerpena Barkosek. Koalizioko hautagaiakazaldu du bihar egingo diotela ebakuntza. Bere mezuan gogorarazi du beste emakume askoren moduan, bataila pertsonal horri aurre egitea egokitu zaiola: «Emakume askok egin behar izaten diote aurre, baina arrakastarako aukerak handiak dira. Horixe da egunotan topatu dudan gogoetarik ederrena, sendatu egiten dela». Barkosek aipatu du bularreko minbiziaren prebentziorako kanpainaren barruan atzeman diotela gaixotasuna, eta, horregatik, garrantzitsutzat jo du kanpaina horiek betetzea. Politikara itzultzeko nahia agertu du, baina hori «medikuen esku» egongo dela gaineratu du. «Espero dut laster elkar ikusiko dugula», adierazi die kazetariei.

Albistearen berri eman ostean, berehalakoa izan da elkartasun oldea. Klase guztietako alderdiek animoak eta babesa agertu diote Nafarroa Baiko eledunari. Adibidez, Eusko Alkartasuneko Maiorga Ramirezek: «Gure babesa adierazten diogu Uxue Barkosi eta gaixotasuna ahalik eta azkarrena gainditzeko nahia azaltzen dugu». Ezker abertzaleko Iruñeko hautagaiek, Marine Pueyok eta Mikel Gastesik laguntza azaltzeaz gain, animoak eman dizkiote. Joseba Ezeolaza Batzarreko ordezkariak ere hitzok zuzendu dizkio: «Uxue Barkosi besarkada estu eta bero bat bidali nahi diot. Bizitzak dakarkigun une latzetan, ingurukoen laguntasuna eta laztana dira gure bermea».

Halatsu egin dute PPk, UPNk eta PSNk ere. Esaterako, PSNko Juan Moscoso Iruñeko alkategaiak azaldu du «estimu pertsonal» handia diola Barkosi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.