KONPONBIDEARI BEGIRA

Bultzada Uruguaitik, Euskal Herrian bake "justu eta iraunkorra" lortzearen alde

Aieteko adierazpenari babesa adierazi diote Uruguaiko politikari eta gizarte zibileko ordezkari ugarik. Parlamentuan egin dute topaketa, eta, besteak beste, Lokarriko eta Nazioarteko Harreman Taldeko ordezkariak izan dira.

Paul Rios eta Lucia Topolansky, bart. @UYPAZPVASCO
jon olano
2014ko ekainaren 6a
11:14
Entzun

Uruguai topaketa Euskal Herriko bakearen alde izeneko jardunaldia egin dute bart gauean Uruguaiko Parlamentuan, eta konponbide prozesuari atxikimendua adierazi diote alderdi ugaritako ordezkariek. Uruguaiko Parlamentuko presidenteak, Euskal Herria euskal etxeak, Uruguaiko Unibertsitate Ikasleen Federazioak, Lokarrik eta Nazioarteko Harreman Taldeak antolatu dute, eta Uruguaiko adierazpena sustatu dute bertan.

Aieteko Adierazpena babestu dute, besteak beste, Uruguaiko Gobernuko hiru ministrok. Hala, elkarrizketara deitu dituzte ETA eta Frantziako eta Espainiako gobernuak, "elkarbizitzarako oinarri sendoak ezartzeko". Halaber, presoen askatasunerako neurriak aztertzeko eskatu die gobernuei.

Sinatzaileek txalotu egin dute Nazioarteko Harreman Taldeak eta Egiaztatzaileen Batzordeak eginiko lana, eta egiaztatze lan horretan inplikatzeko eskatu diete Madrili eta Parisi, desarmatzea modu "adostuan, baieztagarrian eta ordenatuan" egin dadin. Alde horretatik, Foro Sozialaren balorazio baikorra egin dute, eta hartatik eratorritako gomendioak inplementatzeko eskatu.

"Atzerapenik gabe ekiteko eskatzen duen garai politiko berri batean gaude. Bakearen bideari eta espirituari heltzeak, konfrontazioaren logikaren gainetik, ahalegin eraikitzailea egiteko eskatzen du", dio adierazpenak.

Erabakitzeko eskubidearen alde

Parlamentuko taldeetako ordezkariek hartu dute hitza, Euskal Herriko egoeraz mintzatzeko. Alderdi Nazionaleko Pablo Iturraldek nabarmendu du bakeak beharrezkoa duela alde guztiek zeozerri uko egitea, eta gaineratu du Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela: "Inork ezin dio inori adierazteko askatasuna ukatu".

Colorado alderdiko senatari Jose Amorinek esan du "ahal den neurrian" lagundu nahiko lukeela bake prozesuan. Lucia Topolansky senatariak, berriz, bakearen alde "esfortzu bat" egiteko eskatu du, eta ziur azaldu da espainiarrek eta euskal herritarrek gatazka konpontzea nahi dutela: "Bitartekaritzan lagun dezaket, batzuetan beharrezkoa da kanpoko laguntza".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.