Iñigo De la Serna Espainiako Sustapen ministroak berretsi egin du Gasteiz eta Burgos lotuko dituen tren lasterra bidaiarientzat bakarrik izango dela. Jaurlaritzaren eskaria ez da bete, horrenbestez, baina ados agertu da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua salgaiei “irtenbidea” ematea bermatu duelako Madrilek. Horretarako baina egungo trenbidea egokitu beharko dute. Ministroak, “konpromiso osoa” agertu du horretarako.
Hain zuzen, Tapiaren esanetan, frogatutzat geratu da Euskal Y-a ez dela “irla bat”, eta pozik agertu da Jaurlaritza epeak bete egingo direlako. Erantsi du, halaber, “giltzarri” izango dela europar zabalerako trenbideak euskal industriaren lehiakortasunean. “Abiadurari baino, sarea mistoa izateari ematen diogu garrantzia”, adierazi du sailburuak.
Gasteiz eta Burgos lotuko dituen trenbidearen ezaugarriak adostu dituzten Tapiak eta De la Sernak arratsaldean, Gasteizen egin duten bileran. Pasa den abenduaren 29an Burgosen aurkeztutako proiektua jendaurrean jarriko da bihar bertan eta alegazioak aurkeztu epea irekiko da. Goizean Nafarroa Euskal Y-arekin Gasteizen lotu nahi dutela iragarri du.
Lasaitasun mezua
De la Sernak lasaitasun mezua igorri die Arabar errioxako herritar, enpresari eta erakundeei, Logroño (Errioxa) eta Miranda Ebro (Burgos) lotuko dituen trenaren proiektua dela eta. Ministroak adierazi du, hasierako bi ikerketa besterik ez direla, eta dena aztertzeke dagoela oraindik. “Ingurumenean edo lehen sektorean izango dituen eraginak aztertu ondoren hartuko ditugu hartu beharreko erabakiak”, gogorarazi du. Berretsi du, halaber, etengabeko harremana izaten jarraituko dutela Eusko Jaurlaritzarekin eta tokiko erakundeekin.
Hain zuzen, Gasteizko prentsaurrekoa amaitu ostean, Arabar errioxako hainbat alkate, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko ordezkariekin eta Ramiro Gonzalez, Arabako Ahaldun Nagusiarekin bildu da Sustapen ministroa.