Azken hilabetean polemika handia sortu da Frantzian burkini deituaren aurkako debekua dela eta. Gorputz osoko bainujantzia erabiltzearen aurkako neurriak hartu dituzte zenbait herriko etxek, "higiene arauak, ohitura ona eta laikotasun printzipioa" urratzen dituela argudiatuta. Cannes herria izan zen debekua ezartzen lehena, uztailaren 28an, eta, geroztik, dozenaka emakumeri jarri dizkiete isunak.
Giza Eskubideen Aldeko Ligak eta Islamofobiaren Kontrako Frantziako Batzordeak helegitea jarri zuten burkinia debekatzea erabaki zuen Villeneuve-Loubeteko herriko etxearen kontra. Hasiera batean Nizako epaitegiak herriko etxeari arrazoi eman bazion ere, Frantziako Estatu Kontseiluak debekua baliogabetu du gaur. Erabakiak Villeneuve-Loubeti soilik eragien dio berehala, baina debekua jarria duten gainerako 30 herrien kontrako helegiterik egonen balitz Estatu Kontseiluak debekuaren kontra eginen lukeela adierazten du.
Estatu Kontseiluaren erabakiaren ondotik erreakzioak ez dira falta izan. Gilbert Collard Fronte Nazionaleko diputatuak burkiniaren kontrako mezua zabaldu du Twitterren albistea jakin bezain laster: "Estatu Kontseiluak burkinia baimendu du. Orain lege bat behar dugu fite, debekatzeko". Colette Capdevielle PSko diputatuak, berriz, "zuzenbidearen garaipena" goraipatu du.