Burla bai, bromarik ez

BECen ariko da gaur Bruce Springsteen, 21:00etatik aurrera, 'Magic' diskoa aurkezten. Lehen aldiz dator Euskal Herrira.

2007ko azaroaren 26a
10:19
Entzun
Arantzazu Muñoa

Gustukoen duen garagardoa eskura izatea atsegin du Bruce Springsteenek batean eta bestean kontzertuak ematen dabilenean. Kirola egin ahal izateko gimnasioren bat ere eskatu izan ohi du. 58 urte dituen arren arin agertu nahi izaten baitu agertokian: saltoak, itzulipurdiak, lurrean bueltak eta beste egiten ditu emanaldietan. Ez da hain harritzekoa, beraz, gimnasioarena. Baina biharko, eskari berezia egin du: Euskal Herriko afari tipikoa nahi du, oilasko salda eta guzti.

Magic diskoa aurkeztera dator Barakaldora, eta E Street Band bere betiko taldearekin ariko da gaur, BECen, 21:00etan. Diskoa kaleratu zen egun berean, urriaren 2an, hasi zuen bira, Hardfordeko Hartford Civic Centerren (Connenticut, AEB). AEBetako 16 hiritan aritu ostean, Madrilen izango da gaur, eta Barakaldon bihar, 16.000 lagunen aurrean. Springsteenek Euskal Herrian egiten duen aurreneko emanaldia izango da. Ez zegoen aurreikusita bira Euskal Herritik pasatzea, baina Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Iñigo Argomaniz Get-In Producciones etxeko arduradunak bideratutako negoziazioek biharko kontzertu erraldoia izan dute ondorio. Kontzerturako sarrerak salgai jarri ziren egunetik bertatik antzematen dira The Bossek Euskal Herrian izango duen arrakastaren zantzuak. Izan ere, ordu eta erdian saldu ziren sarrera guztiak, 57, 67 eta 71 eurotan.

40 bat urte daramatza Springsteenek musika sortzen eta interpretatzen, baina orain inoiz baino askeago sentitzen dela dio: etiketa guztietatik libre eta irudiaren hesirik gabe. «Nire edadera iritsitakoan karrera amaitu egiten da. Hauek, jada, ohorezko itzuliak dira. Gogoak ematen didan musika egiten dut, ulertzen? Ez dago araurik. Ez daude nire diskoaren zain Top 40etan. Ez nau kikiltzen jendeak nitaz izango duen irudiak», azaldu zuen birarekin hasi aurreko Ashbury Parkeko entseguan (New Jersey, AEB).

FEDERICI GABE. «Danny Federici organu jotzaileak aldi baterako taldea utziko du, melanoma sendabidean dagoelako. Danny gure zutabeetako bat da, eta alboan izan dut 40 urtez baino gehiagoz. Espero dugu azkar sendatzea», hori adierazi zuen joan den asteazkenean Bruce Springsteenek, eta baieztatu egin zuen hala AEBetan eman dituzten kontzertuetan zabaldutako zurrumurrua. Federiciren ordezko lekua Charles Giordanok hartu du Europako saioetarako; Springsteenek Seegers Session Bandekin egin zuen birako organo jotzailea da.

Federici jotzeko gai ez denez, bira hasi aurreko elkarrizketa batean Springsteenek esana ez da beteko: «Gure taldeak batuta jarraitzen du. Baina ez hori bakarrik, guztiok bizirik jarraitzen dugu, eta horretaz benetan harro nago. Stevenen ondoan egon naiz 16 urte nituenetik. Ez dut beste talderik ezagutzen hasierako kide guztiak bizirik dauzkanik, agertokian batera jarraitzen dutenik eta gainera egiten dutenaz gozatuz. Beste talde guztiek izan dituzten bezalako gorabeherak izan ditugu. Baina batak bestea zaindu dugu».

Umea zelarik sortu zitzaion musikarako zaletasuna, Sullivan Show-n Elvis Presley ikusi zuenean. 13 urterekin hartu zuen lehen aldiz gitarra, eta 16 urterako The Castiles taldeko gitarrista zen, E Street Band taldearen aitzindaria. Edade modu horretan joan zen bere jaioterritik, Freeholdetik (New Jersey, AEB), New Jerseyra. Tabernetan jotzen zuten han, eta Rolling Stones, The Kinks eta Janis Joplinen kontzertuak ikusten zituzten.

Orduan hasitakoarekin jarraitzen du gaur egun ere Springsteenek, kontinuitatea garrantzitsua baita beretzat. Horregatik bueltatu da E Street Bandekin jotzera, eta horren guztiaren fruitua da Magic.

Urteak zeramatzan Springteenek musika egiten ordurako, baina nazioartean benetako arrakasta 1984an lortu zuen, Born in the USA album ospetsuarekin. Kantautore politikoaren zigilua jarri zion hark. Orduan sartu zen merchandising-aren munduan ere: 100.000 lagunen aurreko kontzertuak eman zituen, bi urteko bira egin zuen eta 40 milioi disko baino gehiago saldu zituen. Disko hark eragin zion eskandalu politikotik ihesi, alde batera utzi zituen adierazpen publikoak eta abestiei eurei utzi zien hitz egiten.

Hala gertatu da Magic azken diskoan ere. Betikora, zuztarretara itzuli da The Boss, arrakastarik handiena izan zuen garaietara eta betiko taldearekin. Springsteenen karrerako diskorik politikoenatzat jo da, orain arte idatzitako letrarik gogorrenak jasotzen ditu: «Album hau batzuetan burla izan daiteke, baina inoiz ere ez broma». AEBetan presidentea aukeratzeko hurrengo hauteskundeak gertu direla atera du disko berria, eta hala hasi du nazioarteko bira ere: «Horrelako garaietan biran ateratzea gogoko dut».

ROCK SOILA, «POP PERFEKTUA». 2005eko Devils & Dust bakarkakoaren eta 2006ko The Seeger Sessions folk kutsuko lanaren ondotik, rock soilera bueltatu da Springsteen. Magic diskoak garai bateko rockero epikoa berreskuratu du. 1996ko The ghost of Tom Joad melodikoaren aurreko Springsteenen garaietara garamatza. «Diskoak pop perfektuaren unibertsoa isla zezan nahi nuen. Popa dibertigarria da, burla egiteko modua, eta hori da bere xarma».

Norbere buruaren kontrako subertsioaz hitz egin nahi izan du Springsteenek disko berrian, gaurko gizarteak garai bateko tradizioei eta ideiei sabotajea egin baitie eta usteldu egin baititu. Beraz, oraingo gizartearen azaleko leuntasunari eta plazerari aurre egiten saiatu da, eta horretarako zenbait errealitate gordin eta desatsegin azaleratu eta deskribatu ditu.

2002an kaleratutako The Rising-en jarraipena da The Magic, eta 2001eko irailaren 11tik AEBetan gertatu denaren errepasoa egiten du. The Rising-en itxaropenak, maitasunak, indarrak eta sinesmenak bat egiten zuten. Magic-en, berriz, askoz ere bakardade gehiago dago eta baikortasun gutxiago. «Era askotara landu ahalko nuke sei urtean hemen gertatu dena, baina konturatu naiz ez dudala jendea nazkatu nahi ideia horiekin. Azken urteak oso beltzak izan dira. Betiko Amerikako akats tipikoei tortura gehitu diegu, askatasun zibilen urraketa, legez kanpoko entzuteak, konstituzioaren kontrako erasoa eta Irakeko gerra madarikatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.