Etxerat-ek agerraldia egin du Burlatan (Nafarroa) bertako alkateak euskal preso politikoen senide eta lagunen batzar nazionala egiteko baimena ukatu diela salatzeko. Egun gutxi falta direla jaso du Etxerat-ek ebazpena. Dena dela, batzarraren egunari eustea lortu du, eta igandean egingo dute, 10:00etatik aurrera, Tolosako Leidor antzokian (Gipuzkoa).
"...elkarte eskatzaileak aurrera eramandako ekintzen gaineko informazioa baturik, patronatuaren lehendakaritzak erabaki du Burlatako Kultur Etxeko auditoriuma erabiltzeko baimena ez onartzea". Hori da Etxeratek Burlatako Udaletik jaso duen erantzuna. Ebazpenaren lehen zatia izan da elkarteari mesfidantza sortu diona: "Nork, non eta zelan batzen du aipatu informazioa? Jarraibide hau eskatzailearen jakinean jartzen al da? Kasu honetan, galdegiten dugu, edozelako eragileri baimendua den leku publikoen erabilpena, UPNko alkatetzak Etxerat elkarteari ukatzeko informazioa nondik jaso ote duen".
Burlatako Udalak izandako eta antzeko jarrerengatik Etxerat "jazartua eta kriminalizatua" izaten ari dela salatu du: "Gure lana zikindu eta belztu nahi dute; eskubide urraketak ukatzen dituzten eta bakeari ateak itxi eta immobilismoaren alde egiten duten horien artean kokatzen da UPNko alkatetzak emandako erantzuna". Arkaitz Bellon urtebeteko epean hil den hirugarren euskal preso politikoa dela kontuan izanda, Etxerat-ek baieztatu du ezin duela isildu "inposatu nahi" dituztenen aurrean.
Igandeko batzar nazionalaz gain, eta larunbatean Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa Baionan izango dela aprobetxatuz, manifestazioa egingo du han bertan. Euskal preso eta haien senideen eskubideen errespetua. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean abiatuko da manifestazioa Euskaldunen plazatik, 15:30ean.