Barakaldon (Bizkaia) tratu txarrak edo jazarpena sufritzen duten emakumeek badute nora jo, Argitan izeneko zentrora. Bertan laguntza juridikoa izaten dute, besteak beste, Luz Quintaren eskutik.
Espainiako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeria saihesteko legeak ia urte bete egin duenean, nabaria da horren eragina?
Nabaria da, batez ere etxeko indarkeriaz arduratzen diren epaitegiak sortu direlako. Baina horiekin batera nabarmen geratu da epaitegi gutxi dagoela, epe laburrean gainezka egin dutelako. Nabarmena da, gainera, Justizian ez dagoela koordinaziorik. Legea paperean oso ona da, baina hor agintzen diren gauza asko betetzeko zailtasunak daude.
Epaitegiok zertarako sortu dituzte, Administrazioari lana errazteko edo biktimak gehiago babesteko?
Bietarako, neurri berean. Administrazioari lana errazten dioteepaile bakarrak arazoa osorik aztertzen duelako, eta ikuspegi osoagoa daukalako. Eta emakumeei ere bai, jakina. Lehenago auziaren prozedura bakoitzak bere bidea egiten zuenez, batetik bestera ibili behar izaten zuten. Horrek kasu larriak eragiten zituen. Esaterako, banaketa prozeduretan gertatu izan ohi zen epaile batek gizonari hamabostean behin seme-alabak ikusteko baimena ematea, eta beste batek urrutiratzeko agindua ezartzea. Horrek ez zeukan zentzurik.
Barakaldon halako epaitegi bat sortzeko premia aipatu da. Zergatik hori? Arazoa larriagoa da eskualdean?
Barakaldoko epaitegian ikusten dira Ezkerraldeko eta Meatzaldeko kasuak, eta hor jende asko bizi da. Asko direlako nabarmendu da epaitegi berezi horren premia. Arazorik larriena, hala ere, ez da epaitegia. Barakaldon ez dago harrera etxe bakar bat ere. Laguntza eske etortzen zaizkigun emakumeak kanpora bidali behar izaten ditugu. Laguntza ekonomikoekin ere arazoak ditugu, etxetik umeekin esku-hutsik ihes egin behar izan duten emakumeei ez zaizkielako laguntzak premiaz ematen.
Laguntzak salaketa ipini dutenentzat dira. Zer gertatzen da oraindik horretarako adorerik izan ez dutenekin?
Guregana larri etortzen direnean, beharrezkoa duten laguntza juridikoa eta dauden baliabide guztien berri ematen diegu, salaketa ipini ostean izango dituzten laguntzez ohar daitezen. Baina hori teoria ere bada, burokraziak askotan gure asmo on guztiak zapuzten dituelako. Gertatu izan zaigu gizarte laguntzailearengana bidalitako emakumea atzera botatzea salaketa ipini gabe zegoelako. Salaketarik gabe ez dago zer eginik.
Bizkaian laguntza eskatu duten bi emakumetik bati ukatu egin diote babesa. Zergatik?
Onar dezaket epailearengana denetik helduko dela, eta horrenbeste salaketa artean izango da gezurrezkorik. Hori da epaileek diotena, emakume batzuek gezurrezko tratu txarrak salatzen dituztela banaketa prozesua beren mesedetan azkartzeko. Izango da baten bat, ez dut ukatuko. Salbuespena, baina. Ez zait buruan sartzen emakume bat zurrunbilo honetan sartzea, atzean ez badu arazo larri eta seriorik. Pentsatzen dut badagoela emakumeen salaketak zalantzan ipintzeko joera.
Auzian gizona errudun dela frogatu arren, kartzelarekin %0,8 besterik ez dituzte zigortzen. Soluzioa ez da izango, baina zein egoeratan geratzen da emakumea horrelakoetan?
Egia da erasotzaile guztiak kartzelan sartuta horrekin bakarrik ez dela sakoneko arazoa konponduko. Baina delitu horiek ezin dira zigorrik gabe utzi. Arazoa da une honetan ipintzen diren zigorrak ere halamoduzkoak izaten direla. Gehienetan bi urte baino gutxiagoko zigorra ezartzen zaizkie eta, beraz, gizonak ez badu aurrekari penalik kalean uzten dute. Horrek erasotzailea harrotu egiten du, eta emakumea etsipenak jota uzten du.
Emakumeak babesteko teknologia berriak erabiliz (GPS gailuak, eskumuturrekoak, e.a.), ez da biktimaren zama astuna areagotzen?
Hala da. Gizona hor geratzen da lasai, ezer egin ez balu bezala. Harrera etxeak eta gainerako baliabideak beharrezkoak diren arren, emakumearen zoritxarra handitzen dute: ezkutuan bizitzera behartzen dute, gailuekin eta bizkartzainekin bizitzera... Inori polizia jartzekotan, zergatik ez jarri gizonari?
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA. LIZ QUINTANA. ABOKATUA.
«Burokraziak emakumea laguntzeko asmo onak zapuzten ditu askotan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu