Antxoa ezin harrapatuta, euriborraren prezioan garestitu daiteke arrain guztia. Burtsaren kaian, aldiz, txerritxo ehiztariak barazkijale bihurtu direla dirudi. Eskaintza indartsuago dago eskaria baino. Aste honetan EBZk interes tasak %0,25 igotzea oso litekeena da eta bankuen hazkundea motelduko du horrek, berankortasuna indartzeaz bat: %4 pasa galdu zuen atzo Bankinterrek, %3 pasa Banestok, %2 pasa Popularrek eta %1na pasa BBVA eta Sabadellek. Santanderrek (-%0,17) nola eutsi zion, auskalo. Edurnezuri (+%0,72) jangarriago ikusten dute ehiztariek; ia 17 puntu gehitu zizkion, orotara 44 galdu zituen Ibex-35 (-%0,36) indizeari. 3.487 milioiren salerosketa ez da txikia, baina seihilekoan izan duen %20 galera inoizko handiena da Bilbao-2000 nahiz Ibex-35arentzat. Petrolioak du erruaren zati handi bat, baina hemendik aurrera enpresen mozkinek islatuko dute krisirik baden edo ez. %3na pasa egin zuten gora Grifols eta Inditexek.
Zeltia. Burtsaratzeek behera egin dute mundu osoko burtsetan. Ekaitza datorrenean untziak kaiari nola, enpresak ez burtsaratzeari eusten dio. Galiziako Zeltia (-%1,73) bioteknologia enpresak ez du baztertzen Neuropharma filialaren burtsaratzea. Bi irakurketa posible ditu horrek: Alzheimerraren aurkako NP-12 botika garatzen diharduen enpresarengan konfiantza handia dute Zeltiako buruzagiek. Edo, bestetik, kapital premia larria, egoera honetan burtsaratzea hobesteko. Akzioko zentimo erdi ordaintzea, bederen, onetsi zuen atzo ospatutako akziodun batzarrak.
BURTSA. Antxoa eta barazkijaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu