Aimarren eskuina eta Barriolaren ezkerra. Hitz eta pitz ibiliagatik, txapela nork eskuratzen duen ikusi behar da. Burtsan ere, egunak nola ixten duen begiratu behar, txapelketa itxuraz hobea edo kaskarragoa egin den gorabehera. Atzo Alemaniako konfiantza datuekin gorri gorri hasitako emaitzek, beltzerantz egin zuten orduak aurrera egin ahala. 15.000koari ozta-ozta eutsi zion Ibex-35ek eta ez da gutxi, 4.298 milioiren salerosketa baina errespetu handiko egunean. Azpimarratzekoa da ordea, esaterako, Intesaren %1,8 saldu eta 566 milioiko gainbalioa lortu duen Santander (-%0,36); zer ukitu, hura urre bihurtu. YPFren %25 Petersen taldeari saltzeko aurreakordioa egina lukeen Repsol-YPFk (-%0,94) ere ez zuen apustu makala egin hura erosi zuenean. Eta Madrilgo Forestan erabakigunea eta milaka lanpostu pilatuko dituen BBVAk (-%0,65) 300 milioiko gainbalioa ere aipatu du. Edurnezuri (-%1,03) 16,34 euroan da.
Solaria. Solaria (+%25,26) 9,5 euroan itxuraz garesti merkaturatzen ari zela guk esan eta biharamonean ia 13 eurora heldu zen. Dimisioa emateko moduko aurreikuspena. Hala ere, aurreneko eguneko kurrinka zoroez haratago, ikuskizun dago eguzki energiaren alorreko enpresaren mozkinek kotizazioa justifikatzen duten. Alegia, kapitalaren zati txikia merkaturatuz, modan dauden sektoreen burtsaratzeek sarri eragin dituztela txerritxo ehiza eta kurrinka zoroak. Astroc, Terra eta enparauak, esaterako. Oraingoz, atzo, 11,9 euroan itxi zuen.
BURTSA. Barriolaren ezkerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu