Gaur 116 urte Bilbon burtsa sortu zela. Egun, garesti burtsaratu berri den BMEren (-%1,85) bulegotxo bat baino ez da, Espainiako burtsekin elektronikoki lotua. Lastima atzo Tourrean LANDISek (letra larriz), eginikoaren moduko balentriarekin ezin ospatua. Europaren martxari ere ihes egin zion Ibex-35 (+%0,06) indizeak azken orduan eta kasik zenbaki gorrietara jausi, batipat, Santander (-%0,53) eta Endesaren (-%1,01) salmentengatik. Atzo Landisena, Sogecablek (+%3,91) egin zuen; azken aldian telebista sektoreak zalantza ugari sortu dituen arren, futbola futbola da eta haren eskubideak, ez dira txirrindularitzarenak. Bezperan Bernankeren hitzek bat baino gehiago lasaitu zuten, interes tasen igoerak goia jo ote duen susmoa indartuz. 116 urteren buruan, ikuskizuna bilatu egin behar da. Horretarako txoko ona, %4tik gorako igoerekin, Latibex indizea dugu: Mexikoko Modelo garagardogilea, kasu, %4,19 igo zen.
Argindar konpainia. Iberdrolak (+%0,65) 818 milioi irabazi ditu aurtengo lehen seihilekoan, iaz epe berean baino %25 gehiago. Diru sarrerak %0,7 soilik handituta lortu du hori, energia eolikoa, nazioarteko negozioak eta energiaz at dauzkan negozioei esker.
Autogintza sektorea. CIE Automotive (-%0,58) osagaien euskal enpresak 22 milioi irabazi ditu aurtengo lehen seihilekoan, iaz epe berean baino %20 gehiago. Brasil, Txekia eta Mexikon du bere fakturazioaren herena, Egaña eta GSBren bategitetik sortutako enpresak
BURTSA. BURTSA
116 urte eta LANDIS
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu