Zoerenak baino istilu gutxiagorekin, aurtengo irabaziengatik azaroaren 14an akzioko 0,35 euro banatuko dituela jakinarazi du Edurnezurik (+%1,89). Gure indizeak Edurnezuriren ontzi bihurtzeraino, erraldoi eta gidari, 23 eurotik gora joan da erregina. Burtsa umezurtz legoke Edurnezuri eta atzo %0,41 irabazi zuen Santander gabe. Atzo mugitu ziren 4.354 milioi euroetatik 2.450 pasa izan ziren bi patroi horien akzioetan. Gauzak horrela, garbi dago AEBetako banku batzuen artean arazoak badirela (%9 galdu zuen atzo Merrill Lynchek, bere emaitzen gaineko sinesgarritasun arazoak medio). Legezko arazoak edo ez, sinesgarritasunak eta konfiantzak asko balio du, Enronek bere garaian frogatu zuen legez. Oraingoz kiratsa nori darion eta nori ez bereizten gabiltza. Gurean %1eko igoera gainditu zuen beste akzio bakarra Sacyr (+%1,22) izan zen eta galeretan Popular, Acerinox eta Cintra ibili ziren langa horren azpitik.
BME. BMEk (+%0,39) jakinarazi du aurtengo urrian iazkoan baino %52 gehiago salerosi dela errenta aldakorrean Bilbo eta Espainiako burtsetan. Maximoetatik gertu ibiltzeak salerosketa bakoitzagatik irabazten duena handitzea dakarkio burtsaren kudeatzaileari.
Merrill Lynch. Merrill Lynchek (-%9 inguru) kaleratutako emaitzez sinesgaitz agertu zen atzo Deutsche Bank (-%2,36). 93 urteko historian emaitza txarrenak plazaratu zituen, subprime arloan 8.400 milioi dolarreko galerak aitortuta. Deutschek ordea, 10 mila milioi gehigarri kalkulatu dizkio.
BURTSA. Edurnezuriren ontzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu