Espero zen lez, Trichetek bere gidoiari eutsi dio eta ekainan interes tasen igoerekin itzuliko dela esan zuen atzo. Astrocen (+%6,41) jabe Bañuelosek Sabadell (=) bankuan zuen %6ko partaidetza saldu dn; %4 Italiako Unicreditori (-%1,4). Astroc-i lur hartzen laguntzeko beste diru bada, 400 milioitik gora balio baitu horrek egungo prezioan.Ikuskizun dago, ordea, Bañuelosek zenbateraino handitzen duen bere enpresan egindako apustua. Unicreditorena ikusita, Bankinter (+%1,09) aktore gonbidatuaren rolean jarri zen, irrifartsu. Energia sektorean espero diren aldaketen gidoia erabat zehazteke dagoen arren, erosketak bultzatu zituzten txerritxo ehiztariek: Gas Natural %2,34 igo zen, Fenosa %2,19 eta Iberdrola %1,37. Hala ere, eraikuntza enpresen gainbeherak aurrera darrai: FCC (-%2,64), Acciona (-%2,46), Inmocaral (-%0,89) nahiz Sacyr (-%1,77) lekuko. 4.500 milioiren salerosketa izan zen atzo.
.
Fenosa. Fenosa (+%2,19) konpainia hartu omen du orain Alemaniako E.Onek (-%2,04) begitan. Endesaren (-%0,25) kasuan baino oposizio ahulagoa izan lezake, enpresa txikiagoa delako. Eta jabetza askoz kontzentratuagoa izateak ere, eragiketak erraztuko lituzke.
EADS-ren Power 8. EADS (-%1,19) langilegoa doitzen ari da Power 8 plangintzaren barruan eta aurtengo lehen hiruhileko emaitzak ederki igarri du: iaz 544 milioi irabazi zituen epean, aurten 10 milioi galdu ditu Airbus hegazkinen egileak.