Diamanteez gain ezer iraunkorrik ba ote den auskalo, baina zenbait su eten lez, burtsaren irabaziak ere gehiago dira iraungikortasunaren eremukoak. %0,64 galdu zuen Ibex-35ak, 4.250 milioiren salerosketarekin eta Europako gainontzeko indizeen joera bertsuan. Gero arte, oraingoz, 15.400 puntuen mailari. %2na pasa irabazi zuten FCC eta Enagasek diamante itxura eman nahi izan zuten. Garrantzitsuagoa dena, datozen bi urteetan Latinoamerikan 10 mila milioi inbertituko dituen Edurnezurik (-%0,59) eta mega-banku bihurtzeko bidean den Santanderrek (-%0,49) ongi eutsi ziotela. Eta horrek indizeari eusten asko laguntzen du. Inditex eta Acerinox izan ziren %2na pasa galdu zuten bakarrak eta, gainontzekoak, galera irabazi txikiagoen elkarrizketan kateatu ziren. Europak bestelako martxa daraman adierazgarri, Eurostoxx-50 indizean ez zela %2 pasako galerarik izan eta irabazietan, ordezkari bakarra, Unicredit (+%2,27)
.
Realia. Gaur salerosiko da lehenengoz burtsan Realia higiezinen enpresaren akzioa. Hasera batean 7,9 eta 9,7 euro artean burtsaratzekoa zena, 6,5 euroan merkaturatuko da. Gutxien gutxienez %18 beherapena da hori. Atzerritarren harrera hotzak eraginda merkatzea.
Zeltiaren Pharmamar filialak minbiziari buruzko batzarretan Yondelis sendagaiaren emaitza kliniko, itxuraz, onak plazaratzen ari da AEBetan. Emaitza ekonomikoak eta, ondorioz, kotizazioa ordea herren dabiltza oraindik ere. Ehiztari ausartenentzat.