Argindar enpresek bero bero jarri dute burtsa, maximo berria behartuz. Legeak indarra izan dezake, baina argindarraren sektorea bere legea ezartzen ari da. E.On (+%0,69) Endesa (+%0,37) erostear da eta horrek Accionari (+%4,94) mila milioi euroko gainbalio gozoa eragingo lioke. EDF erraldoia Iberdrola (+%2,97) irenstear ote dagoen ere zabaldu da, baina horretarako ACSk (+%2,01) Fenosarekin (+%4,38) zer egingo duen ebatzi behar du, hortan ere partaidetza garrantzitsuak baititu Florentino Perez buru duen enpresak. Aukera bat da bategiteren bat bilatzea, nola ez. Gamesak (+%3,74) ere ongi profitatu zuen argindar sektorearen aldeko haizea. Horri guztiari Edurnezurik %1,13 irabazi zuela gehituz gero eta 4.693 milioiren salerosketa erraldoiarekin, burtsa indartsuan indarra legea dela ondoriozta daiteke. Zenbaki ia guztiak beltzetik, hortaz, Repsol (-%0,31) eta Abertis (-%0,05) salbu. Eta hori, nahiz petrolioa garestitu.
Guipuzcoano. Guipuzcoano (+%0,3) bankuak azken urteko maximoa erdietsi du eta akzio 30 euroan mugan da, 29,93an paratu zen atzo kotizazioa. Urteko mozkinak halako 30 inguru balio du ordea bankuak eta, beraz, sektoreko garestienetakoa da.
EBZ. EBZk interes tasak mantentzea espero da gaur baina, aldi berean, Tricheten adierazpenetan martxoan igoera berri bat egin dezakeela iradoki beharko luke. Oraingoz %3,5ean da euroaren erreferentzia tasa. Urtarrilean Espainiako KPI %2,4ra jaitsi da, Eurogunekoaren %0,5 gainetik.
BURTSA. j. b. andueza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu