Colonial (-%25,4) higiezinen enpresari kiratsa dario. Hala dirudi behintzat atzo izan zuen danbateko historikoari so. Bere balioaren laurdena egun bakarrean galduta, bezperako %16az gain eta, urtean zehar galdutakoari erreparatuta (%70 inguru), bistakoa da inongo txerritxo ehiztarik ez duela urte amaierara iritsi nahi, bere portfolioetan Colonialen kiratsa duela. 2.438 milioiren salerosketa ahularekin, urteak berea eman duela ondoriozta daiteke. Baina Espainiako ekonomiaz eta, zehatzago, eraikuntzaz dauden zalantzek hor diraute. Edurnezurik %1,29 galdu izana izan zen, hala ere, atzo indizeak gorritzearen arduradun. NH Hotelesek %3,3 irabazi zuen eta %2,34 Antena 3k. Subprime krisia lehertu zen urtean %7 inguru irabazi dute gure indizeek, baina krisi hortatik eratorritako usain guztiakaditu ditugunik ez dirudi. 2008ko lehen seihilekoan izango da usain goxoak eta ustelak ezberdintzeko unea.
Argindarra. Edurnezuriz gain, energia alorrarentzat urte oparoa izan da 2007 burtsan. Edo agian, energia baino, argindarra esan beharko. Urtean Accionak %55 irabazi izana, Gas Naturalen %37, Fenosaren %27 edota Iberdrolaren ia %30ko igoera horren froga argiak dira. Gamesak (+%1,17) ere, urtean zehar 20 euroan izan ostean, 36rainoko bidea egin du eta atzo 31,98 euroan paratu zen. Energia berriztagarrien bultzadaz eta energia nuklearraren inguruko debateaz haratago, ordea, Repsol-YPFk %4 pasa galdu du petrolio upela 100 dolarretara arrimatu den urte honetan.
BURTSA. Kolonia kiratsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu