BURTSA. Miren San Gil

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Langabeziara ei doa Maria San Gil baina, AEBetan uste baino langabezia eskaera gutxiago izateak eutsi zituen atzo indizeak haserako mailan. Bezperan Iturgaitzek miresmenez (eta gazteleraz) «Miren San Gil»esan arren, PPk aktibo baliotsuen artekotzat zuena, bere garaian Terra eta atzo Cleop (ikus oharra) bezain azkar amildu da; emaitzei nahiz ingurumariari egokitu beharra dago: Iberiaren(-%4,04) kasuan petrolioaren prezioa du aurka eta Enagasek (+%3,31) edo Gas Naturalek (+%2,01), horixe dute alde, ondasun ordezkagarria dena baitarabilte esku (eta hodi) artean. Alderdiak nahiz karguak berriztagarriak izatea ona da eta Renovablesek (+%2,45) horixe erakutsi nahi du. Baina arauak ere berriztagarri eta aldagarri dira eta horrek energia sektorean berebiziko esangura du. 3.866 milioiren salerosketa izan zen atzo, aspalditxoko aipagarriena. Edurnezuri (+%0,87) badator, Santander (-%1,09) badoa.

Cleop. Akzio txikietan inbertitzeak berezko xarma eta arriskuak ditu. Cleop (-%19,92) higiezin eta eraikuntza enpresa txikiak bere balioaren bostena galdu zuen atzo, saio bakarrean. Milioi bat euro mugitu zituen (ohikokopurua halako hamar) baina, Mediterraneo aldeko enpresak CNMVri jakinarazi dionez, ez daki zerk eragin dion gisa horretako danbatekoa. Gaur egitekoa den akziodun batzarrean ez omen du aparteko berririk emango eta aurtengo lehen hiru hilabeteetako mozkina, milioi eurotik gora, iaz epe berean lortutakoa baino %9 txikiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.