BURTSA. Trichet da, ez Van Damme

J.B. BARANDIARAN
2007ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Jean Claude hizketan ari da, gogor itxuran (KPIren aurkako borrokan), baina, nola ez, sentibera (finantza sektorearen arazoekiko). Trichet baita, ez Van Damme. Ez du interes tasarik igo, espero zitekeen legez. Baina horrek ez dakar erabateko konponbiderik. Ingalaterrako banku zentralak beste horrenbeste egin du, eta Erreserba Federalak banku arteko merkatuan ezohiko diru kopuruak sartzen jarraitzen du. Zaharrak berri, hein batean. 4.355 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35eko akzioetan, baina nor ari da burtsatik irteten eta nor ari da sartzen? Likidezia premiak eragindako salmentak zenbat dira? Espainiako eraikuntza sektoreak erakargarritasuna galdu du, bistan da. ACS eta Accionak %2na pasa galdu zuten, Ferrovial eta FCCk %1,9na pasa. Oraingo gakoa honetan datza: etxebizitza merkatuaren moteltze giroan eta finantzabideak murritz eta garestiagoekin, zein sektorek izango duen portaera erlatibo hobea.

EBZ. EBZk atzo iragarritakotik garrantzitsuena, agian, hiru hilabeterako gordailuak enkantean jartzeko asmoa da. Diru asko, baina aldakortasun handiegia dago epe motzeko interes tasetan. Epe luzeagoetan, aldiz, diru gutxi eta aldakortasunik ez. Bankuen arteko errezeloek bere horretan diraute. Enkantearekin, likidezia arazoak dituzten erakundeak lagundu nahi ditu EBZk. Gainontzean, maileguen ia desagertzea gertatzeko arriskua legoke (credit crunch). Likidezia faltan leudeken bankuek, maileguak murriztuko lizkiekete, nola bankuei, hala enpresa nahiz familiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.