BURTSA. Urreago eta urriago

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Inoiz baino urriago dugu urre beltza eta, ondorioz, inoiz baino urreago. 130 dolarreko langa ere gainditu dute Brent eta Texas petrolio upelek, KPIn izango duen presioa bistakoa da, eta burtsak ere igarri du. 3.065 milioiren salerosketa izan zen atzo, horietan 627 milioi Santanderren akzioetan (-%1,5), 416 milioi BBVArenetan (-%1,47) eta 573 milioi Edurnezurirenetan(-%1,23). Blue chip-ek astindu zituzten txerritxo ehiztariek, baina izan zen zenbaki beltzik ere. Red Electrica eta Tecnicas Reunidasek %3na pasa irabazi zuten eta, esan gabe doa, Repsol-YPFk ere irribarre egin zuen (+%1,81). Gas Naturalen (-%1,95) egiazko balioa egungo 35,78 euroen bikoitza omen da horko presidentearen arabera. Bistan da urrea topatu duela etxean Gabarro presidenteak, eta aberasteko aukera parean du. Horrelako ipuinekin sinesgaitz garenok, tentuz mugitzea hobe dugu, 14.000 punturen langa geroz eta urrutiago ikusten baitu Ibex-35 indizeak.

Rating. Rating agentziek kritika latzak jaso dituzte, subprime krisian izan duten partehartzea dela medio. Erraztasun handiegiz kaudimen handiena adierazten duen AAA kalifikazioa eman izan dutela leporatu zaie. Hori gutxi ez eta Moody´s (-%13,8) rating etxeak, bere sistema informatikoan zebilken birus baten berri eman behar izan du. Birus horren eraginez, baliteke zenbait zor jaulkipenek merezi baino kalifikazio hobea jaso izana. Warren Buffet buru duen Berkshire Hathway (-%1,2) enpresa ezaguna da Moody´sen akziodun nagusia, %19,6ko partaidetzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.