Gorka Verdugok ihesaldian tropela izan zuen borrero eta burtsa indizeekin ere, tropeltxoa izaten da martxa finkatzen duena. Joaldunarena egin ohi dute blue chip-ek, balio handieneko akzioek, salerosketaren zati handiena pilatu eta indizea gidatu ohi dutelako. Azken esprintean hobekuntza izan zuten Santanderrek (-%0,58) eta Edurnezurik (+%0,12), baina ez zen aski izan indizearen kolorea iraultzeko. 12 akziok egin zuten gora, 23 izan ziren jaitsi zirenak. Akzio azokak gorriz tindatu ziren baina errenta finkoan ere, salmentak izan ziren erosketen gainetik. Berri makroekonomiko garrantzitsurik ezean, EBZ eta Erreserba Federalaren gordailu garestitzeak izan ziren guztion buruan. Bankuetan berankortasuna berpizten ari da, etxebizitzen salmenta %7 jaisteaz batera. Bestalde, bistakoa da Hego Amerikako hainbat herrialdeetan eta Mexikon bizi den koiuntura ekonomiko onuragarria, horrek gure burtsan duen eraginarekin.
Sacyr. 2007ari dagokion lehen dibidendua finkatu du Sacyrrek (-%0,03), akzioko 15 zentimo gordin; uztailaren 23an banatuko du. Frantzian Eiffagerekin duen lehiari begira eta, bestela ere, duen kapitalizazioa baino zor handiagoak izanagatik, akziodunei poz amini bat ziurtatu behar.
Euroa. Dolarraren ahulezia, pixkanaka ematen den heinean, ez da ezegonkortasun handien eragile izango. Baina bistakoa da 1,37raino iritsi dela 0,80ko maila probatu duen euroa. Edozein unetan AEBetan erosketa oldea eragin dezake egoera honek, Europatik.
BURTSA. Verdugoren borrero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu