Zazpi Katu gaztetxea hustu zuten egunean ospatu zuten AEBek presidentearen eguna. Wall Streeten jai izateak zazpi katu (europarrak) laga zituen burtsako txerritxo ehizarako. 2.375 milioiren akzioak baino ez ziren salerosi Ibex-35eko (+%1,82) akzioetan, baina ehiztariek erosketarako indar erakustaldia egin zuten. Ez Bilbon bakarrik, baita Europako akzio azoka nagusietan ere. Gurean Cintrak %5 pasa irabazi bazuen, %3na pasa irabazi zuten Abengoa, Acciona, Gamesa eta ACSk. Bi banku handienek %2na pasa eta Edurnezurik %1,42 irabazita, indizearen bilakaera ulertzea erraza da. Besterik da atzokoak asteko joera eta, are gehiago, egongaiztasun giroa finkatuko dituen. Eraikuntza eta zerbitzu enpresek lan publikoen heldulekua dute, eta bankuek (Northern Rockeko akziodunek salatu dutenez), banku zentralen likidezia babesa. Babes bila ihesi doazen katu edo txerritxoek, ordea, ehiztariei dieten beldurra islatzen dute.
Iberdrolak (+%1,67) eta Renovables filialak (-%1,04) asteon jakinaraziko dituzten mozkinak arreta handiz espero dituzte txerritxo ehiztariek; Galani begira daude guztiak, Frantziako EDF erraldoiak Gardokiko harribitxia begitan hartu duenetik.
Scyrrek(+%1,31) gorriak ikusten ditu Repsol-YPFk (+%0,94) 21,8 euroz behera egiten duen bakoitzean. Petrolio enpresaren %20 maileguz erosi zuen, akzioak eurak berme gisa eskainiz. Repsolen akzioak jaistean, ordea, berme gehigarriak eman behar ditu Sacyrrek.
BURTSA. Zazpi Katu txerri ehizan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu