Lau urteko hauteskunde kanpaina eta presioa jasanez, ZPk Euskadi eta Espainiako hauteskundeak irabazi ditu. Bederatzigarren urtea du hau Bilbao-2000 indizeak ere etengabeko borrokan eta apenas %10 igo den sorreran zeukan 2.000 puntuen langatik. Eusten nahiko lan du, atzo ikusi zen legez. 3.504 milioiko parte-hartzearekin, Europa osoko indizeen gisan, gorrira jo baizuten gureek ere. Irabazi arte eutsi beharko. Wall Streeteko inkestek kalte egin zieten, petrolioak etengabeko garestitze joeran jarraitzen du, eta finantza krisia, Raxoiren neskatilak ere somatzen du. Colonial (-%15,52) eurotik behera da jada, Dubaikoek eskaintzarik egin gabe ospa egingo ote dutenaren beldur. Banesto, Bankinter, BBVA eta Sabadellek %1na pasa galdu zuten, Santanderrek %0,8 eta Edurnezurik %0,44. Eraikuntza enpresek ere ez zuten ZPren garaipenarekin gozatu: %3 pasa galdu zuen FCCk eta %2na pasa Cintra eta Sacyrrek.
Energia. Energia sektorean bat-egiteak espero dituztela eta, irabaziekin ospatu zuten atzo Zapateroren garaipena sektoreko txerritxoek. %3 pasa igo ziren Endesa eta Gas Natural, %2 pasa Red Electrica eta %1,2ren bueltan Iberdrola eta Fenosa. Goiz da gelditzeko.
Rodrigo Rato. Criteriak(-%0,68) aholkularitza batzordeburu izendatu du Rodrigo Rato NDFeko buru eta Aznarren ekonomia ministro ohia. Energia alorrean dituen partaidetzak medio, aholkuak bezain beharrezko izango dira babes eta eragin politikoa; Ratok badu.
BURTSA. ZP irabazi arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu