Buruak berritzeko prest

EAJk lurralde zuzendaritzak berritzeko lehen itzulia amaitu dute Iparraldean; asteon ekin diote Nafarroan eta Gipuzkoan, eta astelehenean hasiko dira Araban eta Bizkaian

Iñaki Gerenabarrena, Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Joseba Egibar, joan den urtarrilean, EAJren VI. Batzar Nagusian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da EAJren Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesua. Joan den urtarrilean, alderdiaren zuzendaritzako zortzikoa aukeratu zuten jeltzaleek Barakaldoko BECen VI. Batzar Nagusian, eta dagoeneko lurralde batzarrak berritzeari ekin diote. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko lurralde zuzendaritza berriak apirilerako berrituak egongo dira. Prozesu hori amaitzen denean, osatutzat emango da EBB berria, presidenteari eta zortzi kideei batuko baitzaizkie lurralde batzarretako bost presidenteak.

Ia ziurtzat ematen da Andoni Ortuzar BBBko egungo burua berriro izango dela presidente. Gipuzkoan, ziurra da Joseba Egibar GBBko egungo presidentea hautagai izango dela ere, baina oraindik egiaztatzeko dago beste hautagairik izango ote den. Ipar Euskal Herrian, Txaro Goikolea berriro izango da IBBko lehendakari, uribatzarrek bestelako hautagaitzarik proposatzen ez badute. Araban, berriz, Iñaki Gerenabarrena berriro aukeratu dezakete, baina litekeena da afiliatuek zerrenda alternatiboren bat ere proposatzea. Nafarroari dagokionez, jakina da Napar Buru Batzarrak lehendakari berria izango duela, Jose Angel Agirrebengoa gaur egungo lehendakariak kargua uztea erabaki duelako.

Lehen itzulia, hasita

Lurralde zuzendaritzak berritzeko egutegiak finkatuta daude jada. Lurralde bakoitzeko uribatzarrei dagokie hautagaiak proposatzea, eta, gero, Berme Batzordeak proposamenak eta emaitzak ontzat jo beharko ditu. Hautagaiek gutxienez hiru uribatzarren babesa beharko dute bigarren itzuli batera igarotzeko. Bigarren itzuli horretan herrietako batzarren boto gehien jasotzen duen hautagaia izendatuko dute presidente. Martxoaren amaiera aldera egingo diren lurralde batzarrekin amaituko dira hauteskunde prozesuak: bertan, EAJren lurralde zuzendaritzak aukeratuko dituzte, baita eskualde bakoitzeko Justizia Auzitegiko kideak eta Batzar Nazionalerakoordezkariak ere.

Ipar Buru Batzarrak asteartean amaitu zuen lehen itzulia, eta bi aste barru ekingo dio bigarrenari. Ziurra da afiliatuek berriro aukeratuko dutela egungo lehendakari Txaro Goikolea, baina oraindik egiaztatzeko dago bestelako hautagairik proposatu duten. Nolanahi ere, ez da espero aldaketarik izatea IBBren zuzendaritzan.

Nafarroan, atzo ekin zioten lurralde zuzendaritza berritzeko lehen itzuliari; Gipuzkoan, gaur bertan ekingo diote; eta Araban eta Bizkaian, berriz, datorren astelehenean hasiko dituzte.

Gipuzkoan, urte luzeetan izan da Joseba Egibar GBBko presidente, eta EAJko sektore baten aurpegia ere bada. Egibarrek ez du oraindik argitu berriro aurkeztuko den kargurako, baina, itxura guztien arabera, berak izango du uribatzarren babes handiena.

Nolanahi ere, Gipuzkoan alderdia eztabaida sakonean murgilduta dagoela iritsi da lurraldeko zuzendaritza berritzeko prozesua. Udal eta foru hauteskundeetan jeltzaleek Gipuzkoan izandako boto eta botere galerak hauspoa eman dio barne eztabaidari, eta Joseba Egibarren aurka bi korronte kritiko sortu dira alderdi barruan. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, sektore bat Juan Mari Juaristi eta Joxe Juan Gonzalez Txabarriren inguruan sortu da, eta GBBren zuzendaritza eskuratzeko hautagaitza alternatiboa aurkezteko prest bide dago sektore hori. Gipuzkoako jeltzaleen diskurtsoa eta estrategia aldatzea da sektore kritiko horren helburua, eta hartarako alderdiak Gipuzkoan dituen sentsibilitate ezberdinak ordezkatuko dituen adostasun zabaleko hautagaitza berritua lortu nahi dute.

Bigarren ildoa Roman Sudupek, Mari Carmen Garmendiak eta Joxe Ramon Belokik osatzen dute, eta, iragarri dutenez, euren asmoa ez da Egibarren aurka egitea, eta ezta zerrenda alternatiborik aurkeztea ere, baina bai alderdi barruan gogoeta prozesu bat abiatzea. Norabide horretan dago, hain justu ere, sektore horrekin bat egiten duten ehun bat militantek landutako agiria, Izan gaitezen Geu izenekoa.

Gaur hasi eta hilaren 19ra bitartean egingo dira Gipuzkoan hautagaiak izendatzeko bozketak, eta bigarren itzulia martxoaren 1etik 16ra egingo da. Martxoaren 24an amaituko da Gipuzkoako hauteskunde prozesua, lurralde batzarrarekin.

Bizkaian, datorren astelehenean hasiko dute lehen itzulia, eta 29an bukatuko da hautagaiak aurkezteko epea. Bigarren itzuliak martxoaren 12tik 22ra iraungo du, eta, Gipuzkoan bezala, martxoaren 24an amaituko dute barne prozesua, zuzendaritza berria aukeratuta. Oztoporik ez du izango Ortuzarrek BBBko lehendakari izaten jarraitzeko, kontuan harturik azken hauteskunde deialdietan indarberrituta atera dela alderdia Bizkaian.

Araban, krisian

Araban, ziurra da Iñaki Gerenabarrena ABBko egungo burua hautagai izango dela, eta oraindik jakiteke dago beste hautagairik izango ote den. Izan ere, asaldaturik dago giroa bertan, eta Araba Buru Batzarreko barne desadostasunak agerikoak dira: De Miguelauziaren ondorioek, batetik, eta udal eta foru hauteskundeetan EAJk izan duen boto galerak, bestetik, kolokan utzi dute Gerenabarrena egungo presidentearen nagusitasuna. Horri gehitu behar zaio EBBren zuzendaritza berrian sartu berri diren Arabako bi ordezkariek —Pilar Garcia de Salazar eta Gonzalo Saenz de Samaniegok— ez dutela bat egiten Gerenabarrenaren ildo politikoarekin.

Hori horrela, Araban egungo presidentearekin kritikoa den hautagaitza alternatiboa egon daiteke. EAJko iturriek baieztatu ez badute ere, Arabako lurralde batzordeko buru izateko beste hautagai posible batzuen izenak zabaldu dituzte hainbat hedabidek azken asteotan. Besteak beste, Xabier Agirre orain arte Arabako ahaldun nagusi izandakoa eta Gorka Urtaran Gasteizko EAJren udal taldeko eledunaren izenak aipatu dituzte. Halaber, Alvaro Iturritxa eta Mikel Martinez ere ABBren buru izateko lehia daitezkeela zabaldu da. Datozen asteetan argituko da ABBren geroa , eta martxoaren 24an amaituko dute prozesua.

Nafarroan ekin diote jada lehen itzuliari, eta martxoaren 23an edo 24an aukeratuko dute zuzendaritza berria. Ziurra da Napar Buru Batzarrak lehendakari berria izango duela, Jose Angel Agirrebengoak iragarria duelako ez duela jarraituko karguan. Uribatzarrek hautagaitzarako proposatuko dituzten izenak oraindik jakiteko daude, baina badirudi Manu Aierdi eta Iñigo Zabalza proposatuko dituztelaherrietako afiliatuek lehendakarigai izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.