«Burujabetza ekonomikoa» eskatu du ezker abertzaleak

Txelui Morenok martxoaren 3ko «borrokari» eusteko deia egin dio euskal gizarteari

Biktimei aurreskua dantzatzen, ezker abertzalearen ekitaldian. RAUL BOGAJO / ARP.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Martxoaren 3ko langileriaren borroka «eredutzat» dauka ezker abertzaleak. Uste du eskubide asko eskuratzeko lan nekeza egin zutela 1976ko langileek eta gaur egun eskubide horiek galdu ez daitezen haien eredua bizirik mantentzea ezinbestekoa dela. Txelui Morenok mezu hori zabaldu zuen Gasteizen, martxoaren 3ko gertakarien karietara ezker abertzaleak antolatutako ekitaldian. Aldaketa haizea dabil lelopean egin zen ekitaldi politikoa, Aldabe gizarte etxean, eta Morenorekin batera, Rufi Etxeberria eta Joseba Permach ezker abertzaleko kideak eta Sonia Gonzalez LABeko ordezkaria izan ziren.

Gasteizko sarraskian hildako bost langileei omenaldi berezia egin nahi zien ezker abertzaleak. Poliziak hildako bost langileak «harrotasunez eta amorruz» gogoratu nahi izan zituen, haien borrokari eusteko deia eginez. Izan ere, ezker abertzaleak «kezka handiz» ikusten du egoera ekonomikoa, eta uste du inoiz baino gehiago behar dela burujabetza ekonomikoa lortzea. «Espainiaren menpe egotea traba da gure etorkizunarentzat. Berandu baino lehen sokak askatu behar ditugu», esan zuen Morenok.

Burujabetza ekonomikoa da ezker abertzaleak krisialditik irteteko duen «errezeta», eta hori lortu bitartean kalera atera eta borrokatzen jarraitzea proposatu zuen. Hala, duela 36 urte bezala, egoera politiko eta ekonomikoa aldatzearen alde egiten dutenei hilaren 29ko grebarekin bat egiteko dei egin zien Morenok.

1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak tiroz hildako bost langileen senideak ere izan ziren ezker abertzalearen ekitaldian. Oholtza gainera igo ziren txalo artean, eta krabelin bana paratu zuten biktimen omenez propio jarritako oroitarrian. Horrela, «bidegabekeria» hori salatu, eta berotasuna agertu nahi izan zien ezker abertzaleak biktimei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.