Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Burujabetza ekonomikoa izateko eskatu du independentzia Urizarrek

EH Bilduri Jaurlaritza eskuratzea oztopatzeko EAJ, PP eta PSE-EE elkarrizketak izaten ari direla salatu du

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
EH Bildu koalizioak argi du independentzia nahi duela. «Baina Euskal Herriaren independentzia ez dugu aldarrikatzen egoera ideala edo azken helburua dela uste dugulako», zehaztu du Pello Urizar EAren idazkari nagusi eta EH Bilduren hautagaiak. «Burujabetza politiko eta ekonomikorako aukera ekarriko digun baliabidea delako nahi dugu independentzia».

«Badira subiranotasun politikoa duten herriak, Grezia, Irlanda eta laster Espainia bezala, burujabetza politikoa izan arren burujabetza ekonomikorik ez daukatenak», azaldu du hausnarketa Urizarrek. «Baina Euskal Herriak astungarri bat du, ezin ditugulako erabili irtenbideak proposatu eta bestelako eredu ekonomiko bat lortzeko demokraziak eskaintzen dituen baliabide guztiak».

Gainera, Urizarrek salatu du Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak «Euskal Herriarenak ez diren interesetan oinarrituta» ezartzen dituela murrizketak, eta, hala ere, euskal herritarren bizkar gainera «zama» botatzen duela.

Horretatik guztitik aldendu nahi du Urizarrek. Independentzia lortu, Euskal Herrian erabaki dadin bertan zein eredu ekonomiko eta politikori jarraitu.

EAJ-PP-PSE itunak

Gainerako alderdiek, ordea, horri beldur diotela uste du Urizarrek. Horregatik ari direla elkarlanean EH Bildu Eusko Jaurlaritzara irits ez dadin: «Litekeena da EAJk, PPk eta PSE-EEk bi aldeko edo hiru aldeko akordioak egitea, EH Bilduk bere neurriak mahai gainean jarri eta horiek gauzatuko dituen beldur direlako».

Areago, Urizarrek dio badakiela hiru alderdi horiek elkarrizketak izaten ari direla, eta, haren ustez, EH Bildu Jaurlaritzan sartzea saihestea «eta, beraz, egungo statu quo mantentzea» da elkarrizketa horien helburua.

Agortutako estatutua

Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak independentziari buruz esanikoak kritikatu ditu, bestetik: ez dela sezesioen garaia esan izana eta BEZa kudeatzeko kontzertu ekonomikoa aldatzeko proposamena egin izana. «Uste nuen EAJk garai hori duela hamarkada bat gainditu zuela, Gernikako Estatutua gaindituta zegoela esaten baitzuen. Uste dugu EAJk nahi duen kudeaketa eredua ez dela egokia, eta ez gaitu libratuko Madrilen hartzen diren erabakien arriskuetatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.