ALDERDIAK

Burujabetza prozesuan "akuilu" izan nahi duela aldarrikatuko du Sortuk

Alderdiak bigarren konferentzia politikoa egingo du irailaren 29an, Iruñeko Refena aretoan, Herritmoa bizitu lelopean.

Altzugarai eta Elejabarrieta, konferentzia politikoaren aurkezpenean. @SORTUEH
2018ko irailaren 20a
07:50
Entzun

2016an Birfundazio Biltzarrean erabaki zuen Sortuk, ikasturte politikoa irekitzeko, urtero, Konferentzia Politiko bat antolatzea. Nuria Altzugarai idazkari teknikoaren esanetan, bikoitza da Konferentzia Politikoaren helburua: “Alde batetik, ikasturte politikoari hasiera emateko, irakurketa eta erronka politikoak partekatzeko gunea dugu, batzar formatuan. Eta bestetik, honelako hitzordu bat gure kidegoaren topaketa izateko eta komunitatea trinkotzeko baliatzen dugu”, adierazi du.

Edukiari dagokionez, ikasturteko balantzea eta egoera politikoaren azterketa egingo dute, eta ikasturteko erronkak xehatuko dituzte. Altzugaraik azaldu du "ekarpen militantearen bidez Euskal Herriko burujabetza prozesuaren akuilu" izan nahi duela Sortuk. Alderdikideei dei egin die konferentzian parte hartzera; izena emateko epea irailaren 26ra arte dago zabalik.

Halaber, Sortuk esker ona adieraziko dio Ronnie Kasrils Nazioarteko Egiaztatze Batzordea zenaren kideari. Iaz Pat Rice irlandarra eta Verena Graft suizarrak omendu zituen, "urteetan Euskal Herriari eta ezker abertzaleari laguntzeagatik".

Kasrils Hego Afrikakoa da. ANCk Afrikako Kongresu Nazionaleko kide bilakatu zen Sharpevilleko sarraskiaren ondoren, eta handik gutxira SACP Hego Afrikako Alderdi Komunistako kide izan zen. Apartheid-aren gobernuak publikoki hitz egitea debekatu zion 1962an, eta Umkhonto we Sizwe ANCren adar armatuaren sortzaileetako bat izan zen 1963. urtean.

Gorka Elejabarrieta Sortuko Nazioarteko arduradunaren arabera, “gurean ETA erakundearen armagabetzean parte hartu duen Egiaztatze Batzordeko kide gisa egindako lanak egin du ezagunago, baina aurretik ere Euskal Herriarekin eta bereziki ezker abertzalearekin harreman ugari izan ditu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.