Lehenbizi, «gehiengo politiko, sozial eta sindikalak babestuko duen herritarren subiranotasun osoa helburu duen bide orria adostu eta ezartzea" proposatzen du EH Bilduk, eta, adostasun horretan oinarriturik, «erabakitzeko eskubidea aitortuko eta praktikara eramateko
bermeak eskainiko dituen estatus politiko berri bat" diseinatzea. Estatus politikoaren inguruko proposamen hori berresteko "herri galdeketa" egitea da hirugarren urratsa, eta, azkenik, "euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea errespetatu eta garatzeko konpromisoa" eskatzen du koalizioak, "Espainiako estatuak izan dezakeen jarreraz gaindi".
Gobernu programa ere aurkeztu du EH Bilduk, Bost arlotan banatu ditu koalizioak bere proposamenak: erreskate soziala, burujabetza, bakea, gobernu egokia eta etorkizuna bermatzeko proposamenak, hain zuzen.
Orotara, 720 neurri, 27 lege proposamen, 26 plan estrategiko, 19 kontseilu eta herri batzorde berri, zortzi behatoki berri, bost herri galdeketa, hiru agentzia berri eta erakundeen arteko elkarlanerako zazpi gune berri proposatu ditu EH Bilduk. 35 orduko lanaldia, 1.200 euroko oinarrizko soldata, etxegabetzeen kontrako legea, lehendakariaren eta goi karguen soldatak gutxienez %25 murriztea, abortatzeko eskubidearen inguruko euskal legea eta beste zenbait neurri agertzen dira gobernu programa horretan.