Burujabetzarako aukerak sortzeko, Auzolan Topaketak

Auzolanerako kultura hedatuz mendekotasun eta krisi ugariei aurre egiteko ideiak trukatuko dituzte Altsasun

Topaketak Altsasun bertan aurkeztu zituzten, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Burujabetzaren kontzeptua bizitzaren esparru guztietara zabaldu behar dela uste du Auzolan taldeak. «Maila guztietarako ulertzen dugu guk burujabetza», zehaztu du Jasone Mitxeltorena taldeko kideak, eta adibidea eman du: Madrilgo gobernua osasun eta hezkuntza arloetan egiten ari den mozketak. «Gero eta mendekotasun handiagoa daukagula ikusten dugu». Mendekotasun horiek «iraultzea» da Auzolanen asmoa. Berdin osasunean, hezkuntzan, elikaduran, energia arloan, ekonomian... Burujabetza bidean urratsak egin eta aukera berriak sortzeko, topaketak egingo dituzte Altsasun (Nafarroa), irailaren 28tik 30era. Atzo egin zuten aurkezpena.

Auzolan Topaketak iaz egin zituzten lehen aldiz, Usurbilen (Gipuzkoa). Auzolanaren kultura liburua ere han aurkeztu zuten. Auzolanaren kulturaren balioa zabaltzen eman dute azken urtea, hitzaldiak ematen eta tokian tokiko eragileekin harremanak egiten. «Oso esperientzia ona izan da», azaldu du Mitxeltorenak. Auzolanaren kultura eta balioa leku askotan bizirik dagoela ikusi dute: «Jendeak badu interesa jakiteko, baina baita ekiteko ere».

Ekite horri ematen dio garrantzia, hain justu, Auzolan taldeak. Bizitzaren arlo guztietan burujabetza eskuratzeko ekiteari, alegia. Krisiak «ezinegon» asko sortu dituela eta ezinegon horiei «norabide bat» emateko unea dela uste dute, «mendekotasun egoeratik burujabetzara» abiatzeko. Herritarrek antolatu egin behar dute beren behar oinarrizkoak asetzeko, taldeko partaideen esanetan: «Inork ez duelako gugatik eginen. Ahalmena eta gaitasuna izan baditugulako».

Topaketek hiru oinarri izango dituzte: jasotzea, hausnartzea eta sortzea. Auzolanean oinarrituz burujabetza era ugaritan lantzen ari diren proiektuen berri jasoko dute Altsasun hil honen bukaeran. Otxandioko Herri-Ola, Usurbilgo Garapen eta Erresilientzia herri hitzarmena, Sakantzen, Iruñerria Auzolan, Debagoieneko Bagara eta Zeraingo herria garatzen ari diren esperientziak aurkeztuko dituzte, besteak beste.

Sei gai nagusi eztabaidatu eta aztertuko dituzte topaketetan: osasuna, hezkuntza, energia, elikadura, etxebizitza eta hiritik herrira deitu dutena. Esperientzia eta proiektuei buruz hausnartzeko eta ekintza berriak proposatzeko aukera ere emango dute. Mitxeltorenak zehaztu du Auzolan taldeak berak ez dituela proiektuak sortzen baina haiek sortzeko aukerak bultzatzen dituela. Herri eta eskualdeetan beren kasa antolatuko dituzten eta tokiko burujabetzaren alde egingo duten proiektuak sustatu nahi dituzte.

Topaketetara joan nahi duenak Internetez eman dezake izena, www.auzolan.info helbidean. Ehun bat lagunentzako lotarako lekua jarriko dute, eta jan-edanak ere eskainiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.